«Mugikortasun falta hobetzea da hurrengo erronka»

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko api. 19a, 19:45
JON MIRANDA

Txostena azaroan kaleratu bazuten ere, azken urteetan lan mardula egin dute Tolosaldea Garatzen Garapen Agentziako kideek. Horietako bat da Garbiñe Mendizabal (Irura, 1976). Merkataritzan jarri nahi du indarra berak, Zilar Ekonomia mantentzeko gako nagusia izango delako. Hala ere, bere ustez, badira lanketa berezia behar duten gai gehiago, mugikortasunarena esaterako, eta horiek hobetzea herritarren esku dagoela dio.

Zilar Ekonomiari buruzko txosten mardul bat garatu duzue. Nondik etorri zitzaizuen ideia, eta zer dela eta egin duzue lanketa hau?

2017an hasi ginen lanketa honekin, eta gure proiektu estrategikoetako bat da. Bai garapen agentzian, baita Enplegu sailean ere, lan handia egiten ari ginen etxeko lanetan eta zerbitzuetan aritzen diren langileekin. Orduan ohartu ginen ez ginela soilik gizarte arazo bati aurre egiten, eta garapen ekonomiko bat zekarrela atzetik. Gainera, jabetu ginen EAEn nahiz eskualde askotan Zilar Ekonomia lantzen hasi zirela. Tolosaldean ere garrantzi handia zuen argazkia ateratzeak, duen egitura sozio-ekonomikoagatik, eta duen jarreragatik. Aniztasun handikoak dira 55 urtetik gorako eskualdeko herritarrak dituzten beharrak eta interesak; kontuan izan behar da, jende multzo oso handia dela. Behin behar horiek identifikatuta, adineko pertsonen ongizatea hobetu ahal izateko, eskualdeko sektore ekonomikoaren diagnosi bat egitera igaro gara, bertako langileei galdeketak eginez eta merkataritza guneak gainbegiratuz.

Duela aste batzuk World Kafea izeneko saioa antolatu zenuten Tolosako kultur etxean. Zer egin zenuten bertan, eta zer-nolako erantzuna izan zuen?

Proiektuan parte hartzen ari garen erakundeez gain, adineko pertsonek eta eskualdeko zenbait enpresa eta saltokietako jabeek hartu genuen parte. Zilar Ekonomiaz hitz egiten dugunean, zertaz ari garen azaltzea izan zen helburu nagusia. Lehenik, aukeraketa bat egin genuen, 55 urtetik gorako pertsonei erantzuten dieten eskualdeko enpresa, merkataritza gune eta zerbitzuak zeintzuk diren ezagutzeko. Ondoren, zerbitzu horiek era egokian emateko beharrak identifikatu genituen, baita adineko pertsonen gogoak ere.

Zein gai nagusi nabarmendu zen topaketa horretan?

Mugikortasun falta hobetzea da hurrengo urteetarako erronka nagusia. Seguruenik, koronabirusaren eraginagatik ekarri da orain mahai gainera, baina egia da gainerako eskualdeetan ikusten ez den errealitate bat dela; dependentzia duten pertsonek etorkizunean izan dezaketen beharretako bat da, arazo bat. Eskualdean, gainera, aldebikotasun handiko gunean bizi gara. Batetik, landa-eremuko herriak daude, indar handiko multzoa osatzen dutenak; bestetik, berriz, hiri egitura dutenak. Hala ere, herritar guztiok gara mugikortasunaren arazoari erantzun bat eman beharrean gaudenak, eta hori identifikatzea ezinbestekoa iruditu zaigu. Orain, esaterako, adineko pertsonek eta nekazariek elkarrengana gerturatzeko arazoak dituztenez, zerbitzu hori modu egokienean eman ahal izateko formula bila dabiltza. Horrelako kasuetan, adineko pertsona horien fidelizazioa kontuan hartzen da, eta asko gainera. Fidelak diren kontsumitzaileentzako zerbitzua ematen jarraitzeko sortu zen, adibidez, Gogoko.eus egitasmoa.

«Inkontzienteki bada ere, adineko pertsonentzako zerbitzua ematen dute merkatari askok»

Adibidez, Zilar Ekonomiak eragin handia du merkataritzan. Nolako erantzuna jaso duzue?

Horietako askok jada adineko pertsonentzako zerbitzua ematen dute, nahiz eta kontzientzia hori ez izan. Batzuek, ordea, zerbitzu hori hobetu edo behintzat moldatzeko interesa dute, fidelizazioa ez galtze aldera. Geroz eta merkatari gehiago dira erosketak etxeraino eramateko zerbitzua eskaintzen dutenak, erosotasuna bilatu nahian. Hori dela eta, saltoki asko, ohartzen ez badira ere, jada Zilar Ekonomian eragiten ari dira, inkontzienteki. Orain, horretan lanean ari diren eragileak detektatzea, horiekin sare bat osatzea, eta guztien artean ekimen partekatu bat egitea dira helburuak. Adineko herritarrek bizitza osasuntsuago bat izatea nahi dugu, ahalik eta modu egokienean.

2030ean, 55 urtetik gorako pertsonen multzoa %42ra iritsiko da; hori da datu nabarmenena. Nola eragingo du horrek eskualdean?

Lehenik, ahalik eta azkarren markatu behar dira linea estrategiko indartsuak, aldaketa nabarmen bat datorrelako eskualdeko ekonomian. Asko dira bizitza osasuntsua duten 55 eta 65 urte arteko herritarrak; beraz, multzo oso handia da, ez direlako 65 urtetik gorakoak bakarrik. Europar Batasunetik adierazi dutenez, gainera, etapa berrirako prestatzen ari da pertsona multzo hori. Erronka eta aukera polita dugu aurrean, eskualdeko sektorearen egokitzapenerako.

Koronabirusaren eraginak ere zahartze prozesua gera dezake, ezta?

Diagnostikoa egiterakoan, inondik ere espero ez genuen faktore bat izan da. Honek eragina izango du garapen ekonomikoan, baina momentuan bertan aztertu beharko da, eta erabakiak hartzea ere egokituko zaigu. Une honetan garapen ekonomikoa baino behar sozialei erantzutea izango litzake lehentasunezko erronka eta krisialdi honek agerian jarri duena zera da, lehenbailehen pertsona, eta ez hirugarren adinekoak soilik, erdigunean jartzen duen eredu ekonomiko baterantz abiarazteko beharra eta eragile guztiok bide horretan elkarrekin joateko konpromisoa. 

Nolako segida emango diozue proiektuari? Zeintzuk izango dira hurrengo pausoak?

Gehienbat herritarrek Zilar Ekonomia ulertu dezaten saiatuko gara. Bai kultur etxean izandako topaketatik, baita merkatari eta enpresariekin egindako elkarrizketetatik lortutako informazio, emaitza eta ondorioei esker, hemendik aurrera egin beharreko ekimen berritzaileak diseinatu eta aurrera eramango ditugu.

Erlazionatuak

Herriz ugari, biztanlez urri

Josu Artutxa Dorronsoro 2020 api 19 Tolosaldea

Adinekoena, urrezko belaunaldia

Josu Artutxa Dorronsoro 2020 api 19 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!