Koronabirusa

Zortzi pertsona hil dira Gipuzkoako bost egoitzatan, tartean Iurreamendi dago

Tolosaldeko Ataria 2020ko mar. 31a, 09:27

Gipuzkoako Foru Aldundiak esan du dituzten azken datuen arabera, zortzi pertsona hil direla herrialdeko egoitzetan, eta zazpi kasu positibo gehiago antzeman dituztela. Hildako pertsonak Tolosako Iurreamandin, Beasaingo Arangoitin, Arrastateko Iturbiden, Irungo Caser Residencial Anakan eta Zarauzko Santa Ana egoitzan bizi ziren. 

Eider Mendoza foru bozeramaileak jakinarazi zuen atzo iluntzean guztira zortzi pertsona hil direla Gipuzkoako egoitzetan eta zazpi Covid-19 kasu positibo berri antzeman dituztela. Hortaz, 95 dira birusak eragindako adineko pertsonak, guztira 5.425 pertsona artatzen diren egoitza sarean. Horietako 19 pertsona Donostiako Gurutze Gorriaren egoitzan daudela esan zuen eta bederatzi pertsona ospitaleratuta daudela. Hildako pertsonak Tolosako Iurreamendin, Beasaingo Arangoiti egoitzan,  Arrasateko Iturbiden, Irungo Caser Residencial Anakan eta Zarauzko Santa Ana egoitzan bizi ziren.

Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetako kasu positiboak 10 zentrotan eman dira, 65 egoitzen artean, eta eman diren azken zazpi kasuak Beasaingo Arangoiti egoitzan, Eibarko Egogainen, Ordiziako San Jose egoitzan eta Zumaiako Otezurin antzeman dira. Desgaitasunen bat duten pertsonei dagokionez, ez dago aldaketarik azken datuekin alderatuz gero, hiru egoitzetako 14 pertsonak eman dute positibo Covid-19an.

Gureak

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak Gureak-ekin lankidetzan arropa garbiketa zerbitzu berri bat abiarazi dutela esan du Mendozak. Gipuzkoako adineko pertsonen 65 egoitzei zerbitzua emango die eta horrela egoitzek kanpoan egin ahal izango dute kutsatutako pertsonen arroparen garbiketa. Izan ere, Gureak-en garbitoki industrialean sistema automatizatuak erabiltzen dituzte garbiketa eta desinfekzioan, arroparekin kontaktuak gutxituz.

Mendozak azaldu zuen zerbitzu hau gaurtik martxan dagoela eta “egoitza guztiek izango dituztela eskura poltsa hidrosolubleak eta arropa bertan lagatzeko kaiolak”. Zentro bakoitzaren ezaugarri ezberdinetara “egokitzeko gaitasuna” duen zerbitzua dela gaineratu du, horrela, arropa bilketa egunero egingo da edo bi egunez behin, “zentro bakoitzaren eskaeren arabera”. Era berean, bozeramaileak azaldu du egoitza guztiei jakinarazi zaiela “nahitaezkoa” dela kutsatutako arropa bi poltsa hidrosolubleetan sartzea, bata bestearen barruan, “euren beharren arabera eskatu ahal izango dituztenak”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!