Aiztondoko udalei euren beharretara egokitzen den espazio bat exijitu diete

Tolosaldeko Ataria 2020ko mar. 7a, 17:58

Aiztondoko Gazte Asanbladak agerraldia egin du gaur arratsaldean Zizurkilen, eskualdeko eta Euskal Herriko beste hainbat gazte asanbladetako kide alboan zituztela. 

Zizurkilgo Kaxilda gaztetxea atzo desalojatu zuen Ertzaintzak. Gaur, Aiztondo Gazte Asanbladako kideak bailarako udalei zuzendu zaizkie: "Aiztondoko udalek eduki duten borondate politiko ezak egoera honetara ekarri gaitu. Auzi honetan, udalei bere erantzukizun politikoa betetzeko eta ondorioz, gure beharretara egokituko den espazio bat eskatzen diegu; exijitzen diegu. Kale gorrian ezinezkoa baita gazte langileon antolakuntza gauzatzea".

Azken urteko gertaerak

Aiztondoko Gazte Asanblada duela urte eta erdi sortu zen. Bertako kideek sorrera hori testuinguru honetan kokatzen dute: "Bailara mailan instituzioetatik at antolatzen den mugimendu zein formakuntza politikoaren gabeziak, eta gazteen artean lokaletan eta tabernetan ematen den harreman eredu kontsumistaren kezkak bultzaturik. Kezka hauek ipar izanik, asanbladako kideoi gabezi hauei aurre egiteko baldintza errealak sortzea ahalbidetuko digun espazio fisiko baten beharra azalarazi zitzaigun".

Duela urtebete, martxoan, Zizurkilgo Udalarekin harremanetan jarri zirela azaldu dute: "Gure proiektua aurkeztu eta hau gauzatzeko espazio fisiko baten beharra adieraziz". Gazte asanbladako kideen esanetan, udalak proiektuarekiko adostasuna azaldu zien, "baina ez zigun inongo momentuan gure jarduera aurrera eraman ahal izateko espaziorik bermatu, ezta gure proiektua ahalbideratu zezakeen gunerik eskaini ere".

Zizurkilgo Udalaren "ezezkoaren" aurrean, espazio bat birjabetzea erabaki zuten. "Urte luzez kapital metaketara kondenatuta egon zen espazio batean, langile autonomia sustatu, klase boterea eraiki eta autodefentsa artikulatzeko gune bat bihurtzeko elkarlanari ekin genion", esan dute gazteek.

Birjabetzeak errepresioa berehala ekarri zuela gogoratu dute gazte asanbladako kideek: "Espazioaren legezko jabeek justizia burgesaz baliaturik gure aurka prozesu judiziala ireki zuten". Bi auzipetu izan ziren orduan, usurpazio delitu arina egotzita. Hortik "hiru aldeko negoziazio mahaia" sortu zela azaldu dute Aiztondoko Gazte Asanbladako kideek, "espazioa bereganatu-erabili ahal izateko akordio batetara iristeko helburuarekin". Negoziazio mahai horretan ondorengoak egon zirela jakinarazi dute gazteek: "EH Bilduko Zizurkilgo Udala, birjabetu berri genuen espazioaren jabeak eta gu. Ondoren, negoziazio mahai horren porrota etorri zen. Soilik borondate politiko ezaren edo interes ekonomiko indibidualisten ondorioz etorri zela ulerturik".

Adostasun ezaren segidan, "justizia burgesaren baitako prozesu judizialak aurrera jarraitu zuen, eta irailaren 24an epaitegietara deitu zituzten Kaxildako bi kide. Epaiketa bertan behera geratu zen, eta ondorioz, abenduaren 3an berriro epailearen aurrera joateko agindua jaso genuen", esan dute agerraldian. Epaileak berehalako desalojoa eta 1.080 euroko isuna agindu zituen. Ertzaintzak agindua atzo bete zuen, Kaxilda Gaztetxea hutsaraziz. 

"Burgesiak ez du inoiz onartuko bere boterea kolokan jarri dezakeen inongo agente zein jardun politikorik", hausnartu dute Aiztondo Gazte Asanbladako kideek. Hala eta guztiz ere, udalei egindako eskariekin batera, argi utzi nahi izan dute "borrokan jarraituko" dutela.

Azkenik, eskerrak eman nahi izan dizkiete "Euskal Herriko hainbat eta hainbat txoko ezberdinetatik jasotako babesagatik; elkartasunez soilik delako posible!". Gaztetxeak eraikitzen eta defendatzen jarraitzeko deiaz amaitu dute gaur arratsaldeko agerraldia Aiztondoko Gazte Asanbladako kideek. 

 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!