Lehen greba eguna, espero gabeko gonbidatuekin

Tolosaldeko Ataria 2020ko mar. 4a, 09:18

Voith Paper SA enpresako langileek sei greba egun deitu dituzte. Lehena gaur egin dute. "Bulegoan langile batzuk eta tailerrean hiru eskirol, baina produkzioa geldirik dago", azaldu dute lantegiaren aurrean elkartu diren langileek.

Voith-eko langileek greba eguna zuten gaur. Enpresaren aurrean 07:00etan elkartu dira, eta ezusteko gonbidatuak izan dituzte: "Etorri garenean polizia operatibo hau aurkitu dugu. Inongo beste enpresetan ez dugu ikusi horrelakorik. Dirudienez eskualdeko altxortzat duten Voith horrela zaindu nahi dute. Erabat soberan dago hau". Ertzaintzaren presentzia aurrean izanagatik, elkarretaratzearekin jarraitu dute greban zeuden langileek.

"Produkzioa geldirik dago, tailerrean hiru eskirol besterik ez daude, baina hauen jarrera ere ulertzekoa da. Entxufe bidez sartutako jendea da, familia dute hor agintzen eta bidesaria ordaindu beharrean daude. Bulegoan alde honetan lau edo bost ikusi ditugu, eta behean ez dira askoz gehiago. Baina esan bezala, tailerra geldirik dago",  azaldu du enpresa batzordeak.

Ertzaintzak sarreran izanagatik, goizean enpresara sartzen utzi dietela azaldu dute grebalariek: "Informazioa banatzeko ez dugu inongo arazorik izan, horretan utzi digute. Hona ez gara etorri gure lankideekin konfrontazio bila, aldarrikapen justu bat egitera baizik. Asanbladan langileen gehiengoak grebaren alde egin zuen. Batzuk demokraziaz hitz egiten dute, baina komeni zaienean bakarrik egin behar zaio kasu gehiengoari. Horrela funtzionatzen dute".  

Prekarietaterik ez lelopean, langileak txistu egiten aritu dira. Aldarrikapena argi dute: "Urte eta erdi goaz hitzarmena negoziatzen. Urte eta erdi iraungita dagoen hitzarmena da, aldi berean. Negoziaketetan enpresaren jarrera salagarria izan da, planteamendu ezberdinak eta aldakorrak eginez bilera bakoitzean ezer zehaztu gabe. Orain desadostasun puntu nagusia soldata arrakalan dago. Hemen batzuk izugarrizko soldatak dituzte eta besteek baxuak. Hori hobetu nahi dugu, baina zuzendaritzaren jarrera erabat itxia da".

Ostiral honetan bilera egiteko deia jaso dute langileek, zuzendaritzaren aldetik. Adostasunik ezean, Voith Paper SA-ko langileek greban jarraituko dute, gutxienez, beste bost egunez: martxoaren 11n, 17an, 18an, 25ean eta 26an.  

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!