Bidaia bat baino gehiago delako

Leyre Carrasco 2020ko ots. 18a, 19:58

Udan haur sahararrak harreran hartzeko Oporrak Bakean programan izena emateko aukera zabaldu dute; ekimenaren inguruko erakusketa dago Gurea aretoan

Udan, bi hilabetez, haur sahararrak harreran hartzeko Oporrak Bakean programa jarri dute martxan, beste urte batez. Oporrak bakean, bidaia bat baino gehiago leloa jarri diote aurtengoari, eta, hain justu, izen bera daraman erakusketa jarri dute Gurea aretoan, ekimenaren nondik norakoak azaltzeko. Era berean, aurreko urteetan harrera familia izandakoak ere erakusketan bertan izango dira gerturatutakoen zalantzak argitzeko. Euskal Fondoa, Euskadiko Saharar delegazioa eta Tolosaldea Sahararekin elkarteak elkarlanean eginiko erakusketa goizez nahiz arratsaldez ikusi ahalko da, eta gaur izango da bisitatzeko azken eguna.

Tolosaldea Sahararekin elkarteko lehendakari Agus Agotek haur errefuxiatu sahararrak udan harreran hartzea helburu duen kanpainaren garrantzia azpimarratu du: «Gure artean igarotzen dituzten bi hilabeteak garrantzitsuak dira euren hazkunderako, dituzten anemia tasak kontuan hartuta ezinbestekoa baitute udako bi hilabeteetan ondo elikatzea eta mediku azterketak egitea urtea nola edo ahala pasatzeko». Euskal Autonomia Erkidegoan 100 harrera familia behar dituzte eta apirilaren 30era bitarteko epea dagoela zehaztu du Agotek izena emateko. Tolosaldearen kasuan, pasa den urtean zazpi harrera familiak parte hartu zuten Oporrak Bakean programan, eta aurten ere kopuru horretara behintzat iristea litzateke helburua.

Kanpaina eta erakusketa aurkezteko agerraldian izan dira Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkatea. Ekimenari babesa eta atxikimendua adieraztearekin batera, herritar guztiak gonbidatu dituzte erakusketa bisitatzera. Era berean, Tolosaldeko herritarrak animatu dituzte Oporrak Bakean programan parte hartzera harrera familia izanez.

Ekimenari lotuta, Maiatzak 20 eta Tolosaldea Sahararekin elkarteek aterpetxea ere jartzen dute eskualdean, ahalik eta haur gehien etortzeko helburuarekin. Aurtengoa Alkizan kokatuko dela esan dute, eskertuz Alkizako herritarrei eta udalari, «gai honetan jarri duten grina eta gogoarengatik».

FUTBOL TXAPELKETA

Erakusketaz gain, sahararrekin lotutako ekitaldi gehiago izango dira datozen egunetan eskualdean. Asteburuan, hilaren 22an eta 23an, Amasa-Villabonako futbol zelaian diasporan bizi diren sahararren arteko futbol txapelketa jokatuko dute. Urtean zehar, toki ezberdinetan bizi diren sahararren arteko futbol partidak eta txapelketak antolatzen dituzte, RASD Kopa deiturikoa prestatze aldera. Asteburuan jokatuko den txapelketan, Frantziatik eta Bizkaitik etorriko diren taldeak ariko dira, Gipuzkoan bertan bizi diren sahararrez osatutakoekin batera. Inauteriak tartean izanagatik herritarrak animatu dituzte partidak ikustera joatera, eta eskerrak eman dizkiete txapelketa posible egin duten guztiei, «Amasa-Villabonako Udalari eta Hernialdeko apaiz etxea kudeatzen dutenei».

EGUN BEREZIA

Otsailaren 27a egutegian markatua dute sahararrek, 1976an egun horretan aldarrikatu baitzuten Saharar Errepublikar Arabiar Demokratikoa. 44 urte geroago sahararrek ezin dituztela egun horren inguruko ospakizunak askatasunez egin gogoratu dute Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideek. «Lurralde okupatuan dauden sahararrak guztiz debekatuak dituzte ospakizunak, errepresiopean, torturapean eta kartzela erraldoian bizi baitira 1975ean Marokok okupatu zituenetik. Saharar errefuxiatu kanpalekuetan edota diasporan bizi diren sahararrak aldiz, harrotasunez ospatzen dute, baita kezka handiz ere: 44 urtez luzatu den egoera ezegonkorra noiz bukatuko den, bi lurraldeak zatitzen dituen harresitik beste aldera dauden senideekin noiz elkartu ahalko duten, eta betiko esperantza, 45. urtemuga Mendebaldeko Saharan ospatu ahalko duten, herri libre batean», dio Agustin Agotek.

Hala, elkarteko kideek bat egin dute saharar herriak bizi duen ezjakintasun egoerarekin, eta horri «bultzada bat eman asmoz», Euskadiko Fronte Polisarioak eta Euskal Fondoak egindako mozioarekin bat egin dute. Hain justu, mozio hori Tolosaldeko udaletxe guztietako batzarretan landu eta babesteko eskaera egin dute. Halaber, saharar herriarekin duten konpromisoa erakusteko asmoz, otsailaren 27an udaletxeko balkoietan saharar bandera jartzeko eskaera egin dute. Horrekin batera, Tolosaldeko herritarrei egun horretan, 19:00etan, Tolosako udaletxe aurrean egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatu diete.

ELKARTASUN BILKETA

Urtarrilean egindako Elkartasun Kanpainan errefuxiatuen kanpalekuetara bidaltzeko 4.000 kilo elikagai eta material bildu dituztela nabarmendu du Tolosaldea Sahararekin elkarteak, parte hartu dutenei eskertuz. «Bilketa hauek ez dute sahararren arazoa konpontzen, baina herriak bizirik iraun dezan, ezinbesteko dira. Konponketa, herrialde honek bizi duen okupazio ilegalaren etenarekin etorriko da», adierazi du Agustin Agotek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!