Atleta guztiek lortu dute azpimarratzeko zerbait

Tolosaldeko Ataria 2020ko ots. 18a, 09:22

Pasa den asteburuan Euskadiko eta Espainiako txapelketak izan dira. Tolosa CF Atletismo taldeko kideek denboraldi borobilari jarraipena eman zioten. 

Gipuzkoako errekorra

Pasa den igande goizean, Torreviejan (Alacant), Espainiako Errepideko Martxa Txapelketa jokatu zen. Bertan, Tolosako CF Atletismo taldeko Hodei Caballerok hartu zuen parte, 18 urtez azpikoen mailan. Atleta ordiziarrak duela gutxi hautsi zuen 50 minutuko hesia, eta Torreviejara gogotsu joan zen. Sentsazio bikainekin aritu zen lehian, bere marka txikituz: 48.45. Horrez gain, Gipuzkoako errekor berria jarri zuen 18 urtez azpikoen mailan. Txapelketan, aldiz, 12. postuan sailkatu zen. 

Espainiako 23 urte azpikoan, lau atleta

Joan den asteburuan, 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketa jokatu zen Salamancan, pista estaliko denboraldiari hasiera emanaz. Bertan, Tolosa CF Atletismo taldeko lau atleta izan ziren: Izaro Perurena, Paula De Juan, Eunate Martinez De Rituerto eta Ainhoa Gibelalde. "Lan paregabea egin zuten dudarik gabe, eta denek marka pertsonala edo urtekoa hobetu zuten", azaldu dute gustura taldeko arduradunek. Ondorengo kronika ere egin dute:

  • Izaro Perurena: 800 metrotan Espainiako seigarren. Finalerdi bikainak egin ondoren, finalean sartzea lortu zuen. Bertan, bere parte hartzea borobildu zuen 2.17,16ko denbora eginaz, bere marka pertsonala hobetuz. 
  • Eunate Martinez De Rituerto: Altuera jauzian seigarren. Tolosarra gogotsu joan zen Salamancara, azken asteetako sentsazio onak medio. Lehiaketa bikaina egin zuen Martinez De Rituertok, 1,65 metroko jauziarekin. 1,68a ez zuen urrun izan. 
  • Paula De Juan: Urteko marka apurtzea lortu zuen ordiziarrak 59,04ko denborarekin 400 metrotan. Oso indartsu bukatu zuen proba gainera. Argi dago lehengo urteko arazoak atzean geratu direla eta 400 metro hesiekin hasteko gogotsu dagoela. 
  • Ainhoa Gibelalde: 60 metro hesietan finaletik gertu geratu zen, bere marka pertsonala puskatuz 9,07ko denborarekin. Argi dago bere gailurra non dagoen ez dakigula. 

Tolosa CF taldea Euskadiko txapeldun

Pasa den igandean, Ortuellan (Bizkaia), Euskadiko master mailako kros txapelketa jokatu zen. Taldeka, Tolosa CF Atletismokoak izan ziren aurrenak. Norbanakoen emaitzak ere ez ziren nolanahikoak izan: 

2- Aitor Regillaga
4- Unai Señoran
8- Andoni Saldias
9- Iñaki Insausti
13- Enrike Piedra

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!