Zientziaren garrantzia erdigunean jarriko dute Samaniegok eta Orixek

Itzea Urkizu Arsuaga 2020ko ots. 5a, 09:21

Mahai ingurua antolatu dute, datorren ostegunean, Topic zentroan, beste zenbait kultur ekitaldirekin batera; zientzia hezkuntzaren inguruan ariko dira hainbat aditu

Samaniego eta Orixe ikastetxeek eta, haietako Gorosti eta Asmoberri guraso elkarteek, elkarlanean jardun dute, beste behin, kultur egitasmoak prestatzeko. Joan den astean aurkeztu zuten egitaraua eta, hitzorduen artean, bada herritar guztiei begira antolatu duten bat: Zientzia Hezkuntzaren garrantzia gaur egungo gizartean mahai ingurua, otsailaren 6an, Topic zentroko aretoan, 17:30ean.

Antolatzaileek azaldu zutenez, «indar handia» jarri dute datorren osteguneko hitzordurako, zientzia hezkuntzaren bueltako hausnarketa eta erronkak erdigunean jarriz.

Horrela, Marisol Uria pedagogo tolosarrak gidatuta, bost adituren arteko mahai ingurua izango da ostegunekoa. Zientziak gizartean duen garrantzi gero eta handiagotik abiatuta, zientzia bera zeri deitzen zaion zehazten saiatuko dira, hasteko. Europatik hezkuntza sisteman txertatzen ari diren ZTIAM ere hizpidera ekarriko du moderatzaileak, eta emakumeak zientzian duen lekuaz hausnartzera joko dute gero. Hari horri tiraka, galdera honi heltzen ere saiatuko dira: «Zer egin dezake eskolak, emakumeak zientzia ikasketetara erakartzeko eta, ondorioz, lan munduan dagoen arrakala hori gutxiagotzeko?».

BOST AHOTS ZIENTZIARI

Galdera eta erronka horiez guztiez aritzeko, Samaniegok eta Orixek bost adituren ahotsa ekarriko dute Topic-eko aretora.

Fernando Cossio kimika organikoan katedraduna izango da bata, tolosarra eta, gaur egun, Ikerbasque fundazioko zuzendari zientifikoa.

Maitane Alonso bilbotarra, berriz, medikuntza ikaslearen begietatik ariko da. Elikagaiak kontserbatzeko makina berritzailea asmatu du, 19 urterekin, eta nazioartean saritu dute bere proiektua; NASAk ere interesa azaldu zuen.

Zenbakien mundua Daniel Ezeizabarrenak eramango du mahai ingurura. Tolosarra graduatua da Matematikan, eta ikasketa amaierako puntuazio onena lortu zuen, 2014-2015 ikasturtean. Gaur egun, matematika eta estatistiketako doktoregaia da, Matematika Aplikatuko Euskal Zentroan.

Zientziaren dibulgazioak ere izango du lekurik, eta hori Ana Galarragaren eskutik izango da. Elhuyar taldean aritzen da zarauztarra, zientzia komunikazioan, eta beste hainbat komunikabidetan ere idazten ditu artikuluak.

Azkenik, Idoia Fernandezek itxiko du hizlarien taldea. Doktorea da Hezkuntza Zientzietan, eta irakasle titularra da Hezkuntzaren Teorian eta Historia Sailean. Horrez gain, Berrikuntzaren, Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko EHUko errektoreordea da gaur egun.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!