Belaunaldien arteko harremanak sustatzeko

Tolosaldeko Ataria 2020ko urt. 27a, 16:03

Iturriza Tolosaldeko Helduen Elkartea eta Inmakulada ikastetxeko ikasleak Bizitzari Kantua proiektua ari dira lantzen zahartze aktiboa eta osasungarria bultzatzeko.

Iturriza adinekoen elkartea jendez lepo zegoen gaur. Mugi egitasmoaren barruan garatutako Bizitzari Kantua proiektuaren hasierako ebaluazio integrala ari ziren egiten Inmakulada ikastetxeko hainbat ikasle eta Iturrizako erabiltzaileetako batzuk.

Bizitzari Kantua proiektua Mugi-n parte hartzen duten hainbat eragileren artean garatu dute; Inmakulada ikastetxea, Iturriza elkartea, Asuncion klinika eta Tolosako Udala, besteak beste. Helburua zahartze aktiboa eta osasungarria bultzatzea da, horrela "menpekotasun egoera saihesteko eta adinekoen ahalduntzea bultzatzen dugu", esan du Inmakulada ikastetxeko Ana Monge zuzendariak. "Erronka baten gainean gaude elkarlanean. Zahartzaroa estrategikoa dugu gure gizartean, geroz eta adineko gehiago ditugu eta horien ahalduntzea estrategikoa da ere. Bizi itxaropen osasuntsu bat izatea da erronka, eta horretarako menpekotasuna luzatzea edo aurrea hartzea ezinbestekoa da, eta horregatik elkartu gara proiektu honetan", gaineratu du. Adinekoen ahalduntzea bultzatzeko, gazteen "hau da, harrobiaren" lana ezinbestekoa dela esan du Mongek, eta horregatik hartu dutela parte lanbide heziketako hainbat ikastetxek. Gipuzkoan Inmakulada Lanbide Ikastolak hartu du ardura hori, Zurriola ikastolako ikasleekin batera.

Ebaluazioa

Urrian hasi ziren eta ordutik, astero-astero, proiektua garatzen joan dira, gaurkoa hasierako ebaluazio integrala egiteko eguna izan delarik. Iturrizako adineko 16 erabiltzaile eta 100 bat ikasle ari dira proiektuan, eta aipatutako helburuekin batera, belaunaldien arteko harremanak garatzea eta saretzea bultzatu nahi dute. Garazi Egiguren Urkola Inmakuladako kideak eta proiektuko arduradunak esan duenez, "Inmakuladako ikasleek eta Iturrizako erabiltzaileek elkarlanean egingo dute lan: zahartze aktiboarekin eta menpekotasunarekin zerikusia duten ezagutzak erabiltzaile aktiboekin garatuko dituzte, ikasleek ikasgelan garatzen dituzten programak eta estrategiak erabiltzaile errealetan aplikatuz eta bide batez, adineko pertsonei zerbitzu berri bat eskainiz".

Inmakuladako hiru ziklotako ikasleek hartuko dute parte egitasmoan: erizain laguntzaile, farmazia, eta osasun dokumentazio eta administrazioa ikasketak egiten ari direnak. Era berean, Zurriola ikastolako ikasleek kirolaren arloa lantzen laguntzen diete.

Pausoak

Egigurenek azaldu duenez, lehenik sentsibilizazio saio bat egin zuten eta horretarako udalak eta Asuncionek jada antolatuta zuten Zumba saio egokitua erabili zuten. Osasun kanpaina bat sortu zuten orduan, galdeketak landuz, helburua ekarpenak jasotzea izan zelarik. Behin lan horiek eta gaurkoa eginda, datozen hilabeteetan erabiltzaile bakoitzari diseinatutako lanketa egitea da helburua. "Alderdi emozionala, balore antropometrikoak eta egoera fisikoa kontuan hartuko ditugu, eta baita beraien nahi eta beharrak ere", gaineratu du. Ziklo desberdinetako ikasleak beraz, taldeka banatu eta erabiltzaile bakoitzaren talde izatera pasako dira.

Ikasturtea bukatzerakoan ospakizun batekin amaituko dute proiektua, eta dokumentazioko ikasleek prozesu guztia biltzen duen bideo bat ere egingo dute ordurako.

"Asko dugu emateko"

Iturrizako Carmen Jimenez da proiektuan parte hartzen duen erabiltzaileetako bat eta esan du oraindik bizi asko dutela aurretik eta hori ahal den ondoen bizitzea da helburua. "Gainera gauza asko ditugu emateko; asko ikasiko dugu gazteekin eta eurek ere gurekin asko ikasiko dute".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!