U30 Greba Orokorra

Eskualdean 102 enpresa batzorde atxiki dira grebara, oraingoz

Tolosaldeko Ataria 2020ko urt. 22a, 15:23

ELAk eta LABek urtarrilaren 30eko grebaren atarian «indartsu» daudela adierazi dute eta enpresak hustu eta kaleak betetzeko eskatu diete eskualdeko langile guztiei.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak urtarrilaren 30erako greba orokorra deitu du. Gizarte eragile ugarik eta euskal sindikatuek osatzen dute Karta, eta hain zuzen, sindikatuen esku dago enpresetan grebaren lanketa burutzea. ELAk eta LABek jakinarazi dutenez eskualdean horretan murgilduta daude «buru belarri».

Enpresa txiki, ertain eta handiak batu dira deialdira eta ELA sindikatuko Xabier Etxeberriak jakinarazi duenez, oraingoz, 102 enpresa batzorde atxiki dira greba orokorrera. Horien artean daude, Asuncion Klinika, Munksjo, Voith, Aralar, Pasaban, Orbinox, Tolosako Udala, Villabonako Udala, Katea Legaia, Arriaran gasolindegia, Arteca, Kelsen, Marie Brizard edota Villabonako Zaharren egoitza.

LAB sindikatuko Laida Zubillagak greba orokorraren leloa ekarri du gogora, «lan, bizi eta pentsio duinak», eta greba deialdiarekin egiten dituzten aldarrikapenetako batzuk ekarri ditu gogora. Besteak beste, deitzaileek Zapatero eta Raxoiren lan erreformak bertan behera uztea eskatzen dute, «hitzarmen kolektiboetan ultraktibitatea mugagabea izatea, herrialdeko hitzarmenen aplikazioa lehenetsiz eta beheko esparruko hitzarmen batek goragoko esparruko beste baten baldintzak okertzeko aukera gabe utziz». Lan eskubideetan egindako murrizketak atzera botatzea ere eskatzen dute ELAk eta LABek eta 2011eta 2013ko erreformetan onetsitako pentsio murrizketak indargabetzea.

Erretiroa 65 urterekin hartzea, edota 30 urte kotizatuta edukiz gero, erretiro aurreratua 61 urterekin hartu ahal izatea exijitu dute sindikatuek, baita erretiroa hartu ahal izateko adina jaisteko aukera sektore berrietara zabaltzea ere. Pentsioen inguruko neurri batzuk ere aipatu ditu Zubillagak: «Pentsioa kalkulatzeko 15 urte hartzea kontuan, KPIa bermatzea eta pentsioen jasangarritasun faktorea kentzea; Horrekin batera 1.080 euroko gutxieneko ordain saria eta pentsio sistemaren finantziazioa bermatzea eskatzen dugu, kotizazio sozialen eta zergen bidez. Lanaldi partzialeko kontratuetan kotizazioak zenbatzerakoan zigorrik ez aplikatzea eskatzen dugu. Lan egindako egun bakoitzeko, kotizatutako egun bat konputatzea, alegia».

HITZALDIA BIHAR

Sindikatuak eta gizarte eragileak hasiak dira greba orokorra prestatzen. Esate baterako bihar, Tolosako kultur etxean 18:30ean, hitzaldia antolatu du Ezker Iraultzaileak. Urtarrilaren 30ean Hego Euskal Herrian egingo den greba orokorra aurrera pauso «garrantzitsua» izango dela uste dute antolatzaileek, «langile klaseak oro har, gazteriak eta pentsionistak, indarrak batu eta sistema honen baitan jasaten dugun jazarpenarekin amaitzeko». Hori dela eta, Ezker Iraultzailearen ustez, «ezinbestekoa da grebaren arrakastaren alde lan egiteaz gain, borroka honi jarraipena ematea, kapitalismoaren aurkako borrokaren ikuspegi orokor bat lantzea eta alternatiba iraultzaile bat indartzea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!