U30 Greba Orokorra

Greba orokorraren aurretik manifestazioa deitu du pentsiodunen mugimenduak

Tolosaldeko Ataria 2020ko urt. 21a, 15:30

Larunbatean, urtarrilaren 25ean, Tolosako Plaza Zaharretik abiatuko da manifestazioa 12:00etan, pentsio, lan baldintza eta bizitza duinak eskatzeko.

Tolosako Zerkausitik egin dute pentsiodunek datorren larunbateko manifestaziorako deia: "Mobiliza gaitezen, nahi dugun aldaketa denon artean bideratzeko, beharrezkoa da". Azkeneko bi urteetan mobilizazio jendetsuak egiten ari da pentsiodunen mugimendua eta beste talde batzuekin borrokak partekatzeko beharra sentitu du.

Feministek, ekologistek, gazte mugimenduek eta bazterketa sozialaren aurkako plataformek erantzun diete pentsiodunen deiari eta guztiak biltzen dituen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren bitartez greba orokorra deitu dute urtarrilaren 30erako. Denen artean aldarrikapen taula bat adostu dute, azken urteetan murrizketekin kendu dieten guztia berreskuratzeko: "Eskubidea dugu eta lortu arte borrokan jarraituko dugu, planeta suntsitzen ari den sistema ekonomiko eta sozial kapitalista, neoliberal eta patriarkal honek ezartzen duen logikaren aurka".

Patronalak eta instituzioek (Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako eta Espainiako gobernuek) eskakizun horien aurrean "amore" eman dezaten presioa egitea beharrezkoa dela uste du pentsiodunen mugimenduak. "Gaurko pentsiodunei eta etorkizunekoei, guztioi eragiten digun borroka da pentsio sistema publikoa defendatzea, lan harremanetarako eta babes sozialerako sistema propioa lortzea, 1.080 euroko gutxieneko soldata aldarrikatzea edota eros-ahalmena legez bermatzea".

Greba orokorraren aurretik, gizarte eragile eta sindikatuekin batera, dinamika bat lantzen ari dira pentsiodunak, "prekarietatearekin amaitu eta lan baldintzak duintzeko neurriak hartzeko beharra mahai gainean jartzeko". Neurri horien artean daude lanaldia 35 ordura jaistea, 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea, soldata arrakala amaitzea eta azpi-kontratazioetan enplegua eta lan baldintzak bermatzea.

Gaur egun "ukatuak" diren eskubide sozialak aitortzea ere eskatu dute larunbateko manifestazioa iragartzeko agerraldian: Alokairu sozialeko etxebizitzak eskuragai izatea edo menpekotasun egoera guztiei erantzun egokia ematea, zerbitzu sozialen sistema publiko, unibertsal eta doakoaren bidez. "Bizitza erdigunean jarriko badugu, ezinbestekoa da zaintza lanak ikusarazi, duindu eta bermatzea", esan dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!