33. Ero Etxeko krosa izango da aurtengoa

Tolosaldeko Ataria 2020ko urt. 10a, 11:57

Datorren urtarrilaren 19an izango da eta, urteroko moduan, benjamin, alebin eta infantilek parte hartuko dute.

Urte berria hastearekin batera, tradiziozko hitzordu da Ero Etxe elkarteko krosa. Datorren urtarrilaren 19an izango da aurtengoa, eta 33. aldiz ospatuko dute, gainera.

Korrikalariek ikastetxeen bitartez bideratuko dituzte izen-emateak, baina, hala nahi duenak, probaren egunean ere izango du izena emateko aukera, irteera ordua baino ordu erdi lehenago.

Benjamin, alebin eta infantilek parte hartuko dute, eta emakume eta gizonen kategoriak nor bere aldetik irtengo dira. Benjaminek itzuli motz bana egin beharko dute (1.100 metro), eta alebinek itzuli luzea (1.400 metro). Infantilen kasuan, ordea, ibilbide desberdina osatu beharko dute emakumeek (1.950 metro) eta gizonek (2.800 metro).

Lasterketa korrikalari helduenek zabalduko dute, 11:30ean, eta azken txanda benjaminena izango da, 12:30ak inguruan hasita. Beti bezala, irteera eta helmuga San Frantzisko pasealekuan izango ditu Ero Etxeko krosak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!