Babestutako edukia

"Betiko turroiak dauzkagu, eta urtero produktu berriak ateratzen ditugu"

Tolosaldeko Ataria 2019ko abe. 19a, 08:24

Rafa Gorrotxategi prest dago Gabonetan mahaiak postrez betetzeko. Aurten, berrikuntza modura, ardi latxaren esnearekin, eztiarekin eta intxaurrekin egindako turroia atera dute.

Noiztik ari zarete gozogintzan?

Gure aiton-amonak 1925ean etorri ziren Zegamatik, eta Plaza Zaharrean gozotegia eta txokolategia bat hartu zuten. Aitonarena izan zen lehen belaunaldia, aitarena bigarrena, nirea hirugarrena eta laugarrena ere indartsu dator; seme batek lau urte egin ditu Basque Culinary Center-en eta bestea ere pastelgintza ikasten ari da.

Zein produktu eskaintzen dituzue?

Udazkenetik aurrera, gozoen kontsumoa biderkatu egiten da. Salmenten ia %70 irailetik aurrera egiten dugu. Udaberrian, esaterako, ezkontzetarako pastelak egiten ditugu, eta bertako hainbat hotel eta txakolindegirekin egiten dugu lan. Gainera, batzuetan gertatzen da Tolosako jendea kanpora ezkondu arren, Rafa Gorrotxategiren postrea nahi izatea. Sektorearen barruan ezagunak gara eta gure produktuak El Corte Ingles saltokietan ere badaude.

Gabonetarako zer daukazue?

Guk betiko turroiak dauzkagu. Gainera, saiatzen gara beti produktu berriak ateratzen. Aurreko urtean lehenengoak izan ginen ruby txokolatezko turroia ateratzen (arrosa kolore naturalarekin). Aurten, berriz, gertuko produktu bat egin dugu: ardi latxaren esnearekin, eztiarekin eta intxaurrekin egindako trufazko turroia. Ardi latxaren esnea oso krematsua da, eta zapore berezia dauka. Indarra hartzen ari den beste produktu bat panetonea da. Hiru urte daramatzagu egiten, eta gero eta gehiago saltzen da.

Beste berrikuntza bat ere egin dugu, urte osora begira. Lehengo urtean hamasei txokolate tableta egin genituen, eta aurten, 60 gramoko lau lata atera ditugu txokolatezko 24 txapel txikirekin. Turistek bertako produktuak nahi dituzte, eta nahiz eta hemen ez dugun kakaorik, kakaoaren historia luzea dugu. Keinu bat egin nahi izan diogu txapelari ere. Horrela, herria eta aberria egiten dugu eta jendeari gauza horiek gustatzen zaizkio.

Bisiguaren pasadizoa ere kontatu nahiko nuke. Garai batean, oso ohikoa zen Gabonetan bisigua jatea. Duela 50 urte inguru arazoren bat egon zen itsasoan eta arrandegietan ez zegoen bisigurik. Jendea arduratuta zegoen, eta nire aitak esan zuen bisigua egingo zuela. Hostopilezko bisigu bat egin zuen, eta oso modan jarri zen Tolosaldean. Oraindik ere jende askok turroiaz gain, bisiguaren tarta eramaten du.

Jendeak zer eskatzen du gehienbat?

Txokolatezko turroiak. Batetik, klasikoak dauzkagu: gogorra, gorringoarekin egina eta biguna. Bestetik, txokolateko zazpi ere badauzkagu: azukre gabekoa, trufa ronarekin, mandarinarekin... Mozteko turroiak ere egiten ditugu. Hor gehien intxaur saltsarena saltzen da.

Zein alde dago Rafa Gorrotxategi turroien eta supermerkatu batekoen artean?

Turroi gogorrean eta bigunean almendraren ehunekoan eta kalitatean aldea egoten da. Gureek %65 almendra edukitzen dute, eta azukrearekin eta eztiarekin egiten ditugu. Beraz, turroiak kalitatezkoak dira. Supermerkatuetako turroiek almendren ehuneko txikiagoa dute, eta eztiaren ordez azukre kopuru handia izaten dute. Trufazko turroiak gurinarekin eta esnegainarekin egiten ditugu. Aldiz, industria handiek margarinak eta beste koipe mota batzuk erabiltzen dituzte. Produktu horiek merkeagoak dira, baina ez dira hain osasungarriak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!