Tolosako babarruna dagoen tokian...

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko aza. 15a, 21:43

Ane Gabarain aktore donostiarra, Tolosa Kantariko kideak eta Fronton jatetxeko eta gaur egun Hika Txakolindegiko diren zerbitzariak izendatu dituzte Tolosako Babarrunaren Kofradiako ohorezko kide, gaur, Tolosako udaletxean.

Jende asko elkartu du Tolosako Babarrun Kofradiak pleno aretoan. Hasteko Hoidertz abesbatzak pare bat abesti abestu ditu, eta kofradiako gerente den Imanol Zubelzuk hartu du hitza. ekitaldi berezia dela aurtengoa azpimarratu du Tolosako Babarrunaren elkarteak 25 urte bete dituelako: "Elkarteak lehen sektorea eta baserritarren lana duintzen eta profesionalago bilakatzen egin du bere lana eta ibilbidea. Horrekin batera, Tolosako babarruna posizio onean jartzen, eta gaur egun dagoen mailara igotzen". "Gure helburu nagusia gazteok lehen sektorearen alde egitea da, eta gizarteak eta sektoreak izango dituen erronka horiek era gazte eta ekintzailean, konponbideak eta erantzuna ematea da". Roberto Ruiz eta Joxe Mari Gorrotxategi ere aipatu nahi izan ditu Zubelzuk.

Ohorezko kideen izendapena egin aurretik, ordea, Tolosako Babarrunaren elkarteko kide diren sei ekoizle omendu dituzte: Patxi Imaz, Mari Karmen Iradi, Juan Mari Zendoia, Alberto Labaka, Arantxa Beraza eta Juan Ugartemendia. Eta gaur egungo gerentea ere bertan izan da, Xabier Goikoetxea.

Usadioari jarraituz, gaur, bere kapitulua bete du Tolosako Babarrun Kofradiak, hiru ohorezko kide izendatuz. Ane Gabarain, Tolosa Kantari eta Fronton jatetxeko zerbitzariek esker onez hartu dute izendapena. Horrelako saria jasotzean, "Tolosako Babarruna dagoen tokian, soberan dago beste guztia" esanez agurtu da Gabarain aktorea.

Hainbat kofradia eta Fecoga elkarteko ordezkariak izan dira ekitaldian, eta baita Eusko Jaurlaritzatik Bittor Oroz, Haziko ordezkari Joseba Garaialde, Gipuzkoako Foru Aldunditik Xabier Arruti eta Tolosako alkatea den Olatz Peon ere bertan izan dira.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!