"Luxua da Euskal Herrian jendea asko inplikatzea"

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko uzt. 18a, 11:49

Irati Labaien izan zen EuskarAbentura espedizioaren sortzaileetako bat, iaz. Aurten, esperientzia errepikatzea erabaki dute, eta oso gustura dago jendeak emandako erantzunarekin.

Euskaldun gazte sortzaileen sare erraldoi bat osatzea du helburu EuskarAbentura 2019 espedizioak. Edo behintzat, hori lortzeko bidean erraztasunak ematen saiatzen dira. Zortzi lagunek osatutako EuskarAbentura Elkarteari dagokio guztia antolatzea. Euskarari ekarpen txiki bat egin nahian, boluntario modura lanean aritzen den kideetako bat da Irati Labaien tolosarra.

Zertan datza EuskarAbentura espedizioa antolatzeak?

Guzti hau uztailean ospatzen bada ere, urte guztian zehar aritzen gara lanean. Hori bai dela abentura bat. Hala ere, aitortu beharra dut, iaz baino errazagoa izan dela. Izan ere, joan den urtean, burutuko zen ala ez jakin gabe aritu ginen antolatzen. Aurten, baina, esperientzia positibo hori aintzat hartuta, bermatuta genuen egingo zela.

Euskarari ekarpen txiki bat egin nahi diozue. Hala ere, 140 lagunetik gora batu dituzue.

Guztira, 267 eskaera jaso genituen. Horietatik erdia baino gutxiago aukeratu ahal izan dugu. Ondorioz, iazkoa arrakastatsua izan zenaren seinale da hori.

Nabaritzen al duzue gazteek euskararekiko konpromisoa badutela?

Eskaerarekin batera lan bat bidali zuten. Horrek, ezberdindu egiten ditu gazteak. Bidean zehar, gainera, eduki ezberdinak azaltzen zaizkie, eta hor euskarak pisu garrantzitsua du. Gainerako lurraldeetako euskararen egoerak harritzen ditu gehienak. Errealitate ezberdinak ezagutzeak, kontzientzia piztea dakar. Kike Amonarrizek azaldu zien moduan, gazteek euskararen normalizazioaren parte izan behar dute, baita prozesuaren eragile ere. Ekonomia sozialaz hitz egitean, gauza bera aipatzen zieten: «Mugitu egin behar gara».

Oso gazteak dira, baina eduki askok heldutasunera begira jarriko diete, ezta?

Atzo, GEZKIko ikertzaileek gauza bera aipatzen zidaten. «Adin berezia da, eta ikusten da gai ezberdinekiko interesa pizten zaiela, kontzientzia badutela.

Bi egun igaro dituzue Tolosan. Zer moduz?

Oso berezia izan da niretzat. Plazera izan da hezi naizen herrian horrelako babesa izatea. Partaideek eskerrak ematen zizkidaten, baina nik beraiei ematen dizkiet, Tolosatik igarotzeagatik.

Soziolinguistikaz eta ekonomia sozialaz gain, zer ikasi zuten atzo arratsaldean?

Gazteak teknologia berrien inguruan nola mugitzen diren jakitea, eta euskarak bertan zein toki duen ikustea izan zen helburua. Interesgarria izan zen, eta batez ere, gazteek hartu zuten hitza.

Astearteko gaubeilan sorpresa ederra izan zenuten.

Bai. Zuriñe Hidalgoren bisita jaso genuen. Galdera ugari erantzun zituen, eta luzeago aritzeko gogoz geratu ginen, oso gustura baitzeuden. Bidean zehar, baina, sorpresa gehiago izango dira. Egia esan, Euskal Herrian, hobetu beharreko gauza txar asko ditugu. Hala ere, badu ezaugarri positibo bat: jendea asko inplikatzen dela, eta hori luxu bat da. Iaz hunkitu egin nintzen, eta aurten ere hunkituko naiz, seguru.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!