Itsasoa ez da agortuko 'oraindikan'

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko uzt. 3a, 11:59

Hernialdeko aterpetxean egingo dute lo udan, eskualdera datozen hamaika haur sahararrek. Hori finantzatzeko, itsasontzien lasterketa solidarioa ospatuko da, hilaren 19an, Villabonan.

Azken txanpa Sa-harako haurren alde. Lelo horren atzean hiru ideia bildu nahi izan dituzte Tolosaldea Sahararekin elkarteak eta Oporrak Bakean ekimenak. Batetik, Sahara herria bera; bestetik, bertako haurrak; azkenik, horien alde gauzatzen diren elkartasun ekintzak. «Azken hamarkada luzeetan, zapaldutako herria izaten ari da Saharakoa. Kaiola batean itxita baleude bezala bizi dira marokoarrek okupatutako lurraldean. Mendebaldetik itsasoa dute, ekialdean, berriz, 2.500 kilometro baino gehiago dituen milioika minaz jositako hesi erraldoi bat. Hortaz, askatasunik ezagutzen ez duen herri bat da», dio Lander Etxeberria, Oria Merkatarien Elkarteko kideak.

Saharako herritarrak, «isildutako gatazka bat» jasaten ari direla nabarmentzen du Etxeberriak. «Hori dela eta, sahararrek bi aukera izaten dituzte eskuartean. Batetik, euren lurralde txiro hartan, oinarrizko giza eskubideen (elikadura edota etxebizitza) urraketa nabarmena ematen den errepresio bortitzean bizitzea. Bestetik, zailtasun handiekin eta bizitza arriskuan jarriz, pateretan ihes egitea. Nazioarteak ere konponbide bat diseinatu eta planteatu zuen, autodeterminazio eskubidearen inguruan, baina ez da errealitate bilakatzen, eta egoera berean eta leku berean jarraitzen dute, 43 urte igaro ondoren ere».

«Badira, bestalde, euren benetako lurraldea ezagutzen ez duten sahararrak. Aljerian kokatutako errefuxiatuen kanpalekuetan jaio eta hezi dira, baldintza gordinetan. Udan, 60 gradura helduko dira; guztiz jasangaitza da. Nazioarteko jende askoren laguntza izaten dute, estatuek jaramonik egiten ez dieten bitartean», dio Etxeberriak. Bada, aurten ere, eskualdeak ateak zabalik jasoko ditu bertako gaztetxoak, eta «ezinbestekoa da eurekin elkartasun keinu hori izatea».

20 urte dira, Oporrak Bakean programari esker, haur sahararrek lehen aldiz uda Euskal Herrian igaro zutela. Tolosaldera ere, urtero etortzen dira. Aurten, 16 bat haur joango dira harrera familietara. Beste 11 haurrek, baina, Hernialdeko aterpetxean igaroko dituzte gauak. Orain arte, Tolosan egiten zuten lo, baina aurten, Hernialden kokatuko dira. Harrera familia nahikoa ez daudelako egin behar izaten zaie lekua aterpetxean.

ELKARTASUNA, BI ALDEENTZAT

Hain juxtu, aterpetxera datozenei bideratuta, antolatu dute Villabonako ibaian egingo den aurtengo berrikuntza: Itsasontzi solidarioen lasterketa, hilaren 19an, 18:00etan. «Familietara joaten diren haurren gastuez, familiak arduratzen dira, euren borondatez. Hernialdeko aterpetxera joateak, kostu handiagoa suposatzen duela ohartu ginen; beraz, dirua biltzeko behar bat atzeman genuen, modu kolektiboan egin behar zaiolako aurre. Ondorioz, lasterketa xelebre hau egitea bururatu zitzaigun», azaldu du merkatari elkarteko kideak.

Horrelako ekintzen helburua, haurrak gehiago ez ekarri behar izatea dela dio, «uda lurralde aberats hartan igaro dezaten». Hain justu, Urko abeslariak bere Azken txanpa kantuan dioen bezala, «itsasoa ez da agortuko oraindikan». Beraz, hori berreskuratzea eta inoiz ez agortzea nahi dute.

Dagoeneko salgai daude itsasontzi txikiak, Villabonako eta Zizurkilgo 40 komertzio eta tabernatan, uztailaren 19ra bitarte. 2 euroren truke eros daitezke, eta erosle orok txartel bat jasoko du, bere itsasontziaren zenbakiarekin. «Erosle horien izenak jasoko ditugu, zenbakiarekin batera lokalizatuta egon dadin». 2.000 itsasontzi jarri dituzte salgai, eta denak saltzea dute helburu, «lasterketa erraldoia izan dadin, eta diru bilketa ere handia izateko».

Lasterketa egunean, Sacemgo zubitik jaurtiko dira saldutako ontzi guztiak, eta Zubimusu zubira iristen diren lehenek sariak jasoko dituzte. «Horiek, askoren doako eskeintzari esker lortu dituztela azpimarratu du Etxeberriak: «Joan garen taberna eta jatetxe guztiek esan digute otorduak jarriko dituztela sari modura, eskertzekoa izan da». Besteak beste, Aburuza sagardotegiak, eta Xaldu, Errota txiki, Xiker, Lainoa, Gerezi, Txurrut, Urrizpe, Argoin, Salvadora Jubilatuak, Anders Gallery tabernek jarriko dute saria.

Horiez gain, Oria merkatari elkarteko kideak eta Zubimusu eta Erniobea ikastetxekoak ere eskertu nahi dituzte, azken horietako ikasleek egin dituztelako ontziak. Gainera, saldutako ontzietatik lortutako diruaren kopuru bat jasoko dute. «Hain zuzen, 2 euro horien %20, beraien ikasturte amaierako bidaia finantzatzeko bideratuko da». Hortaz, guztiak salduz gero, 3.000 euro baino gehiago izango lirateke aterpetxearentzat, eta ia 1.000 euro, bidaiarako.

Villabonako Gaztetxekoei ere esker ona adierazi diete, lasterketaren antolakuntzan eta ibaira jaisten lagunduko dietelako. Azkenik, Villabonako eta Zizurkilgo udalak ere eskertu nahi dituzte, guztiekin elkarlanean antolatu dutelako proiektua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!