Traineruaren aurkezpenera joateko deialdia egin dute

Tolosaldeko Ataria 2019ko mai. 2a, 07:57
TAKeko trainerua, iazko Kontxako Banderan.

Tolosaldeko Arraun Klubak (TAK) traineru denboraldiari ekingo dio, eta, iaz bezala, aurten ere Tolosaldeko herritarrengana hurbilduko dute bere proiektua. «TAKentzat funtsezkoa da herritarrak proiektu honen parte sentitzea, guk eskualdeko proiektu gisa sentitu eta bizi baitugu. Gu guztiona dena, ez soilik lau zoro zoragarrirena», adierazi dute arraun klubetik.

Klubak eta traineruak duen eskualde izaera nabarmendu dute: «Bai, traineru honen guztiaren bueltan, izan tostan edo itzalean, jende mordoa dago, baina gu guztiok eskualdeko proiektu bat bezala sentitzen dugu hau eta eskualdeak ere horrela sentitzea gustatuko litzaiguke. Lehorreko eskualdea gara, barrukoak, mendien artean gaude, baina guk ere badakigu itsasoan arraun egiten».

Aurten ere «amets horri» helduko diotela azaldu dute, eta trainerua zein traineruko kideak herritarrei aurkezteko bi ekitaldi antolatu dituzte. Batetik, gaur pintxo potea egingo dute Euskal Herri plazaren sarreran. Musikak girotuta, pintxoak eta tragoak eskainiko dituzte 18:30ean hasi eta 21:00ak arte. Larunbatean, traineruaren aurkezpena egingo dute Tolosako Trianguloa plazan, 12:00etan.

Tolosaldeko herritarrak bi ekitaldi horietara joateko deia egin dute TAKetik, «gu guztion izenean arraunean ariko diren arraunlariak, eta proiektua ezagutzeko, eta, nola ez, proiektura batzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!