Lehen arreta eraginkor baten alde

Tolosaldeko Ataria 2019ko ots. 22a, 14:40
Lehen arretako langileen elkarretaratzea, gaur, Tolosan.

Lehen arretako langileek elkarretaratzea egin dute Tolosako anbulatorioan Lehen Arreta Arnasberritzen taldeak deituta. Lehen arreta indartsu eta eraginkorra aldarrikatzen dute.

Lehen arretako hainbat profesional elkartu dira gaur, Tolosako anbulatorioaren kanpoaldean protesta egiteko. "Ez da seinale ona hemen egotea" esan dute. Izan ere, iragarri bezala hileko azken ostiraletan elkarretaratzeak egiten dituzte bizi duten egoera salatzeko. "Aurreko mobilizaziotik ez da ezer asko mugitu", esan dute. Elkarretaratzeekin jarraituko dutela esan dute, eta mobilizazioak indartuko dituztela gogoratu: "Martxoaren 15ean greba egingo dugu".  Beste bi data ere aurreratu dituzte, apirilaren 12a eta maiatzaren 17a, baina alda daitezkeela esan dute.

Lehen mailako osasun arretako langileek murrizketak jasan dituzte azken urteetan, eta horrek ematen duten zerbitzuan ere badu eragina; pazienteak behar bezala artatzeko denborarik ez dutela, euren jarduna eragozten duen gehiegizko burokrazia pairatzen dutela eta langileak ez direla ordezkatzen esan dute, besteak beste.

Lehen arretako langileak Lehen Arreta Arnasberritzen taldean bildu dira eta 63 eskaera zehatz dituztela esan dute, horien artean dago lan agenda zentzuzkoak aldarrikatzea, hau da, medikuek eguneko gehienezko 30 hitzordu izatea. Lehen arretako aurrekontua handitu behar dela esan dute ere; 2019rako %20 igotzea eskatzen dute. Medikuko erizain bat eskatzen dute era berean, eta administrazio lanetarako langile gehiago behar direla esan dute.

Horiek horrela, gauzak aldatu ezean hileko azken ostiraletan anbulatorioetan elkarretaratzeak egiten jarraituko dutela esan dute, eta herritarrei dei egiten diete deialdietan parte hartzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!