«Hernio eta Alkizako gunea interesgarriagoa da geologikoki, flyscha baino»

Jon Miranda Labaien 2018ko abe. 19a, 10:01

Argazki eta mapez lagunduta emango du hitzaldia Koldo Nuñezek (Donostia, 1959); «denontzako modukoa» izango dela aipatu du, «jende guztiak gozatzeko modukoa».

Noiz izan zenuen zuk lehen aldiz Hernio Gazume eremuaren berri?

Niretzat izugarrizko sorpresa izan da. Ezagutzen nuen ingurunea, baina hitzaldia prestatzen hasi naizenean ikusi dut altxor pila bat dagoela. Ugaritasun handia dago Alkiza inguruan.

'150 milioi urteko kontuak' izenburua jarri diozu hitzaldiari. Zergatik?

Alkiza inguruan badaude 230 miloi urte dituzten harriak, eta hortik gora, 80 miloi urteko harriak topatu ditzakegu Hernioko gailurrean. Horrek esan nahi du, Alkizatik Hernioko puntara, 150 milioi urteko ibilbidea dagoela; 150 milioi urteko historia dago harrietan. Nik harri horietan dauden istorio horiek kontatuko ditut.

Kosta aldean ibili izan zara lanean geologo gisa. Zumaiako Flyschak sona handia du. Alderagarria da Hernio Gazume eremuarekin?

Niretzat askoz inportanteagoa da Hernio eta Alkiza inguruko geologia flyscha baino. Izen handia eman diogu Zumaiakoari, oso polita ikusten delako, baina egiatan ez du horrenbesteko garrantzirik. Toki askotan agertzen dira gisa horretakoak. Askoz ere barietate eta altxor gehiago daude Hernio inguruan, kostan baino. Aitortu behar da, ordea, kostan errazago ikusten direla altxor horiek.

Bitxikeriak ere topatzen dira Hernio Gazume eremuan.

Bai, egia da, munduan bakarra den ilargi esnea deituriko formazio geologikoa agertzen da bertan. Bitxikeria da eta interesgarria, baina ikuspegi geologikotik ez du hainbesteko garrantzirik. Berdina gertatzen da Alkizako kuartzoarekin. Museo askotan aurki daitezke, politak direlako, oso gardenak direlako eta ondo eratuta daudelako. Baina bildumazaleen piezak dira horiek.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!