Voith enpresako auzia «diruz konpondu» nahi izateaz kexatu da LAB

Irati Saizar Artola 2018ko abe. 12a, 09:16

Voith enpresak Aralar paper fabrikan zuen langile bat kaleratu zuen eta hori dela eta epaiketa izan dute; enpresak langilea «garestiegia» zela argudiatu du saioan

Bi epaiketa egin zituzten astelehen goizean, Tolosan, Voith enpresak Amezketako Aralar paper fabrikan zuen langile bat kaleratzeagatik. Lehen epaiketa kalte-ordaina zenbatekoa izan behar duen erabakitzeko egin zuten, eta bigarrenean, LAB sindikatuak kaleratzearen baliogabetasuna eskatu zuen.

Kaleratzeari dagokionez, Voith enpresak, beste gauza batzuen artean, argudiatu zuen «enpresarentzat langile hori garestiegia» zela. LABek, berriz, argi du hori ez dela arrazoia: «Kaleratutako langileak egin zuen gauza bakarra beraien eskubideak bermatu ahal izateko enpresari zenbait gauza eskatzea izan zen». Sindikatuak argi du langileen baldintzak defendatzeagatik kaleratu zutela.

Voith-eko langileak izanagatik, mantenu lanak Aralarren egiten dituzte batzuek, eta baldintza bereziak dituztela salatu du sindikatuak. «Langile haiei ez zaie aplikatzen Voith-eko beste langileek duten hitzarmena». Eta hain justu, kaleratuak hori eskatu zuen; hitzarmen hori Aralarren dauden Voith-eko langileei ere aplikatzea, besteak beste, hitzarmenak jartzen dituen urteko lan orduak edukitzea edota lan egutegi bat izatea.

Aralarko langile horiek, kontratu mota ezberdinekin ari dira lanean, baldintza ezberdinetan, alegia. «Langileak ezin elkartu izatea lortu nahi dute horrekin, izan ere, dena sekretuan dute, ez dakite bakoitzak zenbat irabazten duen, ezta ordu gehigarriak nola dituzten ere, eta bakoitzari gauza berezi bana eskaintzen diete».

Sindikatu abertzaleak salatu duenez, «epaiketak iraun zuen lau orduetan enpresak denbora guztian diru akordio batera iritsi nahi zuen eta horrela, epaiketa bertan behera utzi». Kaleratuak, ordea, ezezkoa eman zuen behin eta berriz, eta sententziaren zain geratu dira orain.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!