Energia iturri berrien plaza bilakatuko da Trianguloa, laugarrenez

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko abe. 11a, 13:14

Laugarrenez Energia Azoka antolatu dute, kontsumo eraginkorra sortzeko teknologiak ezagutarazi, eta herritarren kontzientzia eta ohiturak aldatzeko helburuz

Datorren larunbatean energia berriztagarriek hartuko dute Tolosako erdigunea, Trianguloa plazako karpan. IV. Energia Azoka izango da, goiz osoan barrena, eta egitasmoa aurkezteko elkartu dira Tolosako Udala, Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutua eta Usurbilgo Lanbide Eskola.
 
Patxi Amantegi Tolosako Udaleko ingurumen zinegotziak azpimarratu du, Energia Azokak hastapenetako helburuei eusten diela oraindik ere. Horrela, 2015etik hona, «kontsumo eraginkorreko teknologien ezagutza herritarrei gerturatzeko ahaleginean» dihardute antolatzaileek, elkarlanean. 
 
Baliabide berritzaile horiek guztiak ezagutzeak, egunerokoan txertatzeko bideak irekitzen dituela uste dute eta, era berean, Energia Azoka ikasleentzako probalekurik onena bilakatzen da: ikasturtean barrena jorratutako edukiak bertaratzen diren herritarrei azaldu, eta beren ikaskuntza prozesua sendotzen dute, agerraldian azaldu dutenez. 

Panelak eta ibilgailuak

Larunbatean, 10:00etatik 14:00etara bitarte zabalik izango da Energia Azoka eta, urteroko moduan, stand-ak, informazio panelak nahiz askotariko gailuak ezagutzeko aukera izango dute, gaiarekiko interesa duten herritarrek. Besteak beste, honakoak bilduko ditu Trianguloa plazako karpak: biomasa galdara, eguzki energia baliatzeko instalakuntzak, aerotermia instalakuntzak, tenperatura baxuko berogailuak, LED argiteria nahiz eraikuntzak isolatzeko materiala.
 
Informazio horrekin guztiarekin batera, gainera, bi bisita gidatu antolatu dituzte azokako informazioari zuku guztia ateratzeko, eta ez da aurrez izenik eman beharko. Bisitak 11:30ean eta 12:30ean izango dira. 
 
Baina guztia ez da informazio teorikoa izango eta, ikasleek eskainiko dituzten azalpen praktikoekin batera, azokan auto eta bizikleta elektriko bana izango da. Jende kopuruak hala ahalbidetzen badu, ibilgailuak probatzeko aukera izango da. 
 
Izan ere, Tolosako Udalak jasangarritasunaren alde emandako pausoetako bat izan da, berriki udal langileentzatbizikleta elektrikoa eskuratu izana. Bide beretik, Amantegik gogora ekarri nahi izan du, azken urtean herriko hainbat gunetan LED argiteria ezarri dutela: «Bidebieta auzoan, Bizkaia kalean, Suhiltzaileen biribilgunean, Iparragirre eta Izaskun auzoetan, Olarrainen, Kondeaneko aldapan eta Nafarroa etorbidean». Halaber, Gudari kaleko eraberritzean ere LED argiteria ezartzen ari direla argitu du ingurumen zinegotziak, eta urtarrila hasieran argiteria aldaketa egingo dutela, Alde Zaharrean nahiz Berazubi auzoan. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!