«Langabetuaren profila aldatzen ari da eta hor erronka berriak identifikatu ditugu»

Tolosaldeko Ataria 2018ko aza. 14a, 08:34

Aurten Enplegunearen 5. edizioa ospatuko da. Aurreko ekitaldietan bezalaxe, tresna eraginkorra izango da lan bila dabiltzan pertsonek eskualdeko enpleguaren ikuspegi zabala jaso eta eskaintzetan haien hautagaitzak kokatzeko. Olatz Peon da Tolosaldea Garatzeneko lehendakaria.

Langabezia datuen bilakaera ikusita badirudi egoerak hobetzen jarraitzen duela.
Hala da bai, iraileko datuen arabera eskualdean 2.179 langabetu daude zenbatuta. Krisiak goia jo zuenean baino mila gutxiago. Hala ere, pausoak eman badira ere, oraindik bidea dugu egiteke, izan ere, duela hamar urte 1.500 langabetu inguru genituen eskualdean. Gipuzkoan gertatzen ari denaren antzeko joera adierazi du gure eskualdeak azken urteotan eta hori ulergarria da, kontuan izanik gaur egun gure enpresak kanpoko merkatuetan lehiatzen ari direla eta ondorioz, erritmoak eskualdez gaindi markatzen direla.

Baina eskualdeko enpresek badituzte berezitasun batzuk, ezta?
Tolosaldeko enpresa sarea, batez ere enpresa, txiki eta ertainek osatutakoa da (%93 dira 10 langiletik beherakoak). Horrek erronkak dakartza egungo errealitatearen eskaeren aurrean: inbertsioak burutzeko orduan, kontratatzeko gaitasunean, teknologia berrietan apustuak egiteko orduan eta abar. Baina bestalde, bada beste berezitasun bat indartsu egiten gaituena, eta hori gure enpresen izaera industriala da. Gipuzkoako eskualde industrialenetakoa da Tolosaldea, hirugarrena lurraldean eta industriak kalitate handiagoko enplegua sortzen du. Gainera, azken urteotan ari dira sortzen gurean etorkizun oparoa izango duten enpresa proiektu berriak, hazkunde potentzial handiko sektoreetan ari direnak, adibidez elektromugikortasunean.

Zein izango dira etorkizuneko erronkak enplegu ikuspegitik?
Enplegu ikuspegitik eskualdean identifikatzen ari garen arazo nagusia, langabetuen eta enpresek eskainitako lanpostuen profilen arteko arrakala da. Langabetuen proportzio handi bat iraupen luzekoa da, eta kolektibo jakin batzuk arazo bereziak dituzte lana topatzeko orduan (prestakuntza apaleko pertsonak, 45 urtetik gorakoak,…). Aldiz, enpresek kualifikazio altuko pertsonak behar dituzte, atzerriko hizkuntzetan eta teknologia berrietan trebatutakoak… Epe ertain luzera, behar desberdin horien arteko baterakuntza da gure erronka nagusiena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!