«Ahobiziak euskarari eutsiko dio»

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko aza. 14a, 08:00

Elixabet Azpirozek (Berastegi, 1968) Ahobizi izateko erronka onartu du. Euskara irakaslea da Donostiako Ilazki euskaltegian, eta euskaraz bizi bada ere, esperientziak euskararen erabilera areagotzeko balioko diola uste du.

Zerk animatu zaitu Ahobizi izatera?
Euskaraz bizi naiz egunero, urteko 365 egunetan. Hasieran pentsatu nuen hori egiten dudala jada, ez dudala pin bat jarri behar, ni berez Ahobizi naizelako. Baina sakontzen hasi eta Euskaraldia zertan den ikusi nuenean ikuspegia aldatu eta parte hartu behar dela ikusi nuen. Ni euskaraz bizi banaiz ere, egia da egoera askotan gaztelaniaz egiten dudala, eta 11 egun horietan Belarriprest pina ikusten badut eta gaztelaniaz erantzuten badidate, euskaraz jarraituko dut, normalean egiten ez dudana. Hor ere nik badaukat aldatu beharreko zerbait. 11 egun horietan euskaraz egingo dut egunero, nire ingurutik aterata ere.

Gaztelaniara jotzea uste baino zabalduago dago, beraz.
Esan behar dut nire lehen hitza azken urteetan euskaraz dela, baina duela urte batzuk parekoa ikusi, aurreiritziekin jokatu, eta kanpotar itxura zuela edo ikusita gaztelaniaz egiten nuen, eta batzuetan euskaraz erantzuten zidaten, pentsa nola geratzen nintzen. Horrelakoak gertatu izan zaizkit, eta horregatik erabaki nuen hori alde batera utzi eta lehen hitza beti euskaraz izatea. Baina gaztelaniaz erantzuten badidate, segituan pasatzen naiz gaztelaniara, eta hori aldatu behar dut, ezezagunekin beti ere.

Ahobizi eta Belarriprest gurek ohitura horiek aldatzen lagunduko digutela uste duzu?
Bai eta nire ustez Belarriprestaren gura oso garrantzitsua izango da. Gerta liteke normalean euskaraz bizi ez den batek Ahobizi izateko konpromisoa hartzea, baina iruditzen zait Ahobizi gehienak jada horrela bizi garenak izango garela. Baina Belarripresten gura hori berria da, eta ezagutzen dugunekin ere ohitura txarrak hartuta gaude, biok euskaraz jakinagatik ere, zenbaitetan gaztelaniaz egiten dugu, eta hori aldatzeko aukera emango du Belarriprest figurak.

Ahobizi eta Belarriprest gora eta behera gabiltza, baina ez dugu azaldu zer den.
Ahobiziak azaroaren 23tik abenduaren 3a bitarteko 11 egun horietan euskaraz egingo du beti, lehen hitza behintzat. Eta ahal den neurrian euskaraz jarraituko du, egoera eta elkarrizketa guztietan. Euskarari eustea izango da bere lana. Belarriprestak, aldiz, ‘niri euskaraz egin’ esango digu, berak erabakiko du euskaraz erantzun edo gaitasunik ez badu gaztelaniaz jarraitu, baina ulertzeko gaitasuna izango du behintzat.

Zergatik da garrantzitsua Euskaraldia?
Niretzat hizkuntza ohiturak aldatzeko oso garrantzitsua izango da, baina Euskal Herri mailako dimentsioa izatea ere garrantzitsua iruditzen zait. Euskal Herrian errealitate asko daude, guztiek ez dute guk dugun testuinguru bera ezta gutxiago ere, horrek beste dimentsio eta oihartzun bat ematen dio. Pentsatu nahi dut horrek erabileran izango duela eragina.

Berastegin bizi zara, baina Donostian egiten duzu lan, alde asko al dago batetik bestera euskararen erabilerari dagokionez?
Aldea handia da. Berastegin ia guztiak euskaldunak gara eta euskaraz bizi gara, nahiz eta azken urteetan errealitate hori aldatzen ari den. Donostia aldiz, beste mundu bat da eta oso erraza da hizkuntza aldatu behar izatea. Euskaraldiak horretan eragiten lagunduko duelakoan nago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!