Euskaltzaleen topagune berria, Galtzaundi euskara taldearen eskutik

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko urr. 31a, 08:00

Tolosaldeko euskara taldeak Galtzaundi taberna ireki du Ibarrako plazan; hileko azken ostegunetan kultur ekitaldiak antolatuko dituzte eragileekin elkarlanean.

Galtzaundi euskara taldeak beste erronka bati heldu dio eta taberna ireki du Ibarrako plazan. «Galtzaundiren aspaldiko asmo bat da hau. Amets baten antzeko zerbait izan da beti. Euskaltzaleen bilgune izango den leku bat nahi genuen, toki informal bat, eta azkenean izan dugu aukera», esan du Galtzaundiko Joseba Antxustegietxartek.

Ez da eskuartean duen erronka bakarra, Tolosatik Tolosaldearako saltoa ere eman du euskara taldeak, eta hor ere kokatu du Antxustegietartek tabernaren irekiera. «Pauso horretan Ibarrako Sendi Ekintza tabernaren kudeaketa lehiaketa publikora atera, eta Sendi Ekintzaren, Ibarrako Udalaren, euskaltzaleen eta Galtzaundiren gogoak elkartuta, ametsa egi bihurtzea lortu dugu».

Galtzaundi tabernak, ostalaritzako gune guztiak bezala, «tragoak eta pintxoak lagunartean» hartzeko aukera ematen du, baita bazkari eta afariak egitekoak ere, baina ez da edozein taberna, eta hori ere nabarmendu du Galtzaundiko kideak. «Gure asmoa euskararen inguruko bilgune izatea da eta horrek esan nahi du zenbait zertzelada ere badaudela; euskarazko prentsa bakarrik dago eta irratian eta telebistan euskara bakarrik entzun ahal da. Noski euskaraz gain, beste hizkuntzak erabiliko dira, eta ez dago inongo arazorik, baina bertako langileek euskaraz egingo dute lehenik, eta tabernak gutxitutako beste hizkuntza eta kultura batzuekiko sentsibilizazio berezia ere izango du. Hainbat ideia ditugu eta pixkanaka garatuko ditugu».

Ideia horietan lehena landu dute jada, eta hileko azken ostegunetan kultur ekitaldiren bat antolatuko dutela. «Bai musika, bai antzerkia, bertsoa... denetarik izan nahi dugu, beti ere Tolosaldeko taldeei bide emanez bereziki, eta Ibarran egonik, ibartarren iritzi eta ekarpenak jasoz». Eragileekin harremana sustatu nahi dute eta horregatik deia egiten diete ekarpenak egiteko.

KULTUR EKITALDIAK

Kultur ekitaldietako lehena izan dute jada; pasa den ostegunean Barry Manley umoregile irlandarrak bakarrizketa eskaini zuen, taberna betez.

Ekitaldia Ibarrako Euskara Taldearekin batera antolatu zuten, eta Euskaraldiari lotuta egin zuten. «Oraindik ez dugu zehaztu, baina Euskaraldiari lotuta egingo dugu zerbait», aurreratu du.

Galtzaundi taberna beraz, euskaltzaleen topagunea izatea du helburu eta beraz, euskara taldetik Tolosaldeko euskaltzale guztiak gonbidatzen dituzte bertaratzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!