Mundu ikuskera zorrozten

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko urr. 19a, 07:27

Munduko emakume gazteen topaketa batean parte hartu dute sei tolosarrek, Alemanian; genero ikuspegia eta begirada feminista fintzeko balio izan die bilkurak.

Tolosako sei emakume gaztek ohi baino berritasun gehiagorekin ekin diote ikasturteari, eta ustekabeko bidaia batekin uztartu behar izan dituzte lehen klase egunak. Erasmus + programak topaketa bat antolatu zuen Emakume Gazteen Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira, eta, horrela, urriaren 6tik 14ra bitarte, munduko bost herrialdetako berrogei emakume gaztek bat egin zuten Wiesbaden hirian, Alemanian. Malentxo Zeberio (2001), Ane Antxustegietxarte (2001) eta Garazi Oiartzabal (2002) dira bertan izan diren sei tolosarretatik hiru; Jerusalem (Palestina), Wroclaw (Polonia), Niñufer (Turkia) eta Wiesbadengo emakumeekin batera aritu dira elkarlanean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Tolosako Udalak egitasmoan parte hartzeko proposamena egin eta, ikastetxeen bitartez, Tolosaldeko berrogei emakumek egin zuten eskaera. Oiartzabalek azaldu du “sekulako aukera” izan dela “hainbat herrialdetako emakumeen egoera ezagutzeko”. Izan ere, Zeberioren ustez, orain arte norbere errealitatean baino ez zuten ezagutzen emakumeen egunerokoa: “Oso interesgarria iruditu zitzaidan gure egoeraz hausnartzea, baina baita besteei buruz aritzea eta beren bizitzez ikasitakoa gure bizitzetan aplikatzen saiatzea ere”.

Izan ere, bilkuran parte hartu duten nesken abiapuntu desberdinak harritu ditu gehien: “Guk bagenuen formakuntza txiki bat edo gaiaren inguruko interesa. Beste zenbait herrialdetako emakumeek, berriz, ez zuten hain argi ikusten emakumeen eta gizonen artean desberdintasunik badenik ere. Horrek asko harritu gintuen hasieran”.

Esperientziaren zakua pilatuta, ez daukate zalantzarik: emakumeenganako zapalkuntza unibertsalak baditu kulturari loturiko menderakuntzak ere. Hala, Euskal Herrian jaiotako emakume zuriaren ikuspuntutik, palestinarren errealitatea suertatu zaie gogorrena hiru tolosarrei: “Bi ahizpa ziren, eta bost ahizpa zaharrago zituzten. Gurasoek ezkontzera behartu zituzten bost zaharrenak, adingabeak zirela, baina ikasketekin jarraitzea erabaki zuten eurek; gurasoek, oraindik, ez dute onartu erabakia. Askoz egoera muturrekoagoa dute han. Gu, gauez, beldurtuta ibiltzen gara kalean, baina haiek ezin dira kalera irten ere egin”.

Bizipenak eta enpatia

Bidaia egin, Alemaniara iritsi, eta, lehen bi egunetan, elkar ezagutzeko ariketak proposatu zizkieten dinamizatzaileek taldeei. Gero, ordea, zuzenean heldu zioten gaiaren muinari, mutilen eta nesken arteko eskubide desberdintasunak identifikatuz: “Gure utopiak sortzeaz ere aritu gara hizketan, utopia horietara iristen saiatzeko. Tailer edo workshop-en bidez garatzen genituen gai horiek, eta autodefentsa, zirkua, sukaldaritza, sormena, argazkigintza eta bideogintza lantzeko aukera eman digute egonaldian. Polita izan zen beste herrialdeetako neskekin ezaugarri komunak bilatzea eta denon artean zerbait ikastea”.

Horrela, bada, emakume gazteen eskubideen alde Frankfurteko manifestazioan parte hartu zuten jardueretako batean: “Palestinarrek eta turkiarrek sekula ez zuten parte hartu manifestazio batean, eta ikaragarri pozik zeuden mobilizazioa bukatu zenean; oso indartsu sentitzen ziren”. Tolosarrei arreta eman zien norbere ideiak kalean lehen aldiz aldarrikatzearen euforia kanpotik ikusteak ere: “Esaten ziguten eurentzat sekulakoa dela horrelako ideia bat jendaurrean erakustea, beren herrialdean ezin baitute ahoa ireki ere egin”.

Non zabaltzen diren begiak

Erasmus + proiektuko topaketan parte hartu aurretik, sei tolosarrek piztua zuten feminismoaren gaineko interesa. Oiartzabalek ondo gogoan du begiak zabaldu zituenekoa: “DBHko 1. edo 2. mailan izan zen; neska bat autodefentsa irakastera etorri zen ikastetxera. Uste dut begiak asko ireki zizkigula berak; gauza txikiei gehiago erreparatzen erakutsi zigun. Dena den, nik beti ikusi izan dut zerbait badagoela, desberdintasun bat badagoela. Agerikoa da”.

Bat datoz hirurak: hariari zenbat eta gehiago tira egin, orduan eta gauza gehiagoz konturatzen da bat. Zeberioren ustez, feminismoak, oro har, interesa pizten du euren inguruko nesken artean. “Baina ezjakintasuna ere badago”. Hala, euren ikastetxeetan talde feministak sortzen eta gorpuzten dihardute hirurek: “Egun bereziei lotutako lanketak prestatzen saiatzen gara, eta eskaera zehatzak ere egiten ditugu. Iaz, esaterako, komun mistoen aldeko borroka izan genuen guk, eta lortu genuen azkenean [barrez]. Asko motibatu gintuen aurrera jarraitzeko”.

Asmo horiei lotuta, eta belaunaldi berrien balizko mundu ikuskera zabalago baten aurrean, ezetz diote Antxustegietxartek, Oiartzabalek eta Zeberiok, ez dela ia ezer aldatu: “Kritikoak izaten dira DBHko azken bi urteak, eta, oro har, oso jarrera itxia hartzen dute mutilek. Ez dute ulertzen arazoak eurei ere eragiten diela. Posizio neutral bat hartzen dute gehienek, eta, normalean, aurkako posizioan jartzen dira neutralak. Txikitatik hasi beharra dago parekidetasuna lantzen, baina ez da halakorik egiten”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!