20 pertsona ari dira Etxekolan programan

Tolosaldeko Ataria 2018ko urr. 4a, 09:43

Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Enplegu sailaren eta Inmakulada ikastetxearen artean, lankidetzan, Etxekolan programa abiarazi dute. Helburua zainketa lanetan aritzeko habilitazioa lortzeko interesa duten pertsonei bide horretan laguntzea dela esan du Tolosaldea Garatzenek, eta jada 20 pertsona dira formazio hori jasotzen ari direnak.

«Gizartearen batezbesteko adina igotzen ari da, eta horrek berekin dakartza behar eta errealitate berriak, orain arte itzalean egon direnak, baina aurrerantzean erronka garrantzitsuak aurkeztuko dizkigunak. Horietako bat da, mendekotasuna duten pertsonen zainketak eragiten dituen gorabeherak. Gaur egun, gero eta familia gehiagotan ari da gertatzen zainketa profesional baten beharra. Aldiz, horretarako prestakuntza egokia duen jendea topatzea gero eta zailagoa da», esan du Tolosaldea Garatzenek.

20 pertsona horiek Inmakulada ikastetxean ari dira jasotzen formakuntza, ostiral arratsaldetan eta larunbatetan, «izan ere, profesionaltasun ziurtagiria ateratzeko beharra duten pertsona gehienak dagoeneko lanean ari baitira eskualdeko etxeetan eta ordutegi honetan egiteak bermatzen die dagoeneko lortu duten lanpostua galdu gabe ziurtagiria ateratzea».

Formakuntza jasotzen ari direnak menpekotasuna duten pertsonen zainketa eta osasunaren jarraipena, babes emozionala emateko gakoak eta etxeko lanak egiteko ari dira prestatzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!