Elkarretaratzea Donostian, AHTko azken bi heriotzak salatzeko

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko urr. 3a, 16:25
Antzibarreko zubi-bidea Zizurkilen. (Iturria: ETS)

Azken lau egunetan bi dira AHTaren lanetan hildako langileak. Azkena, atzo bertan, Zizurkil-Andoaingo lanetan.

AHTaren lanetan azken lau egunetan egondako bi heriotzak salatzeko ELA, LAB, STEILAS, ESK, EHNE eta HIRU sindikatuek elkarretaratzea egingo dute bihar, 18:00etan, Donostiako Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. Azken heriotza atzo arratsaldean izan zen, Zizurkil-Andoain artean egiten ari diren tunelean, hain justu. Tunel horrek 5 kilometroko luzera du, eta lan istripua Andoaingo irteeratik 500 metrora gertatu zen. 30 urteko langile bat hil zen bertan, antza, hormigoia egiteko kamioitik ateratakoan. Ibilgailua mugitu egin zen eta beste kamioi baten kontra harrapatuta geratu zen langilea. Esku-frenoa eman gabe utzi zuela da hipotesietako bat.

Tunela Adunatik ere pasatzen da eta udalak bere atsekabea azaldu du. Era berean, lan istripuak saihesteko prebentzio neurriak hartu behar direla adierazi du. "Pertsonak dira gure herriaren garapenerako gakoa, eta garapen ekonomiko eta sozialaren oinarriak eta zutabe nagusiak. Hori dela eta, ezinbestekotzat jotzen dugu lan osasunari eta lan segurtasunari buruzko ekimenak bultzatzen jarraitzea, eta lan arriskuen prebentziorako arauak bete daitezen exijitzea", esan du. Horretarako osasunari buruzko araudia "zorrotz betetzea" eskatu du. Sindikatuek deitutako mobilizazioarekin bat egiten duela ere adierazi du.

Sindikatuak

LAB eta ELA sindikatuek ere heriotza salatu dute eta azpikontratazioa salatu dute, horrelako istripuen arrazoi nagusia delakoan. «Langile hori azpikontratazio kate oso luzearen azken begia zen», esan du LABek. «Langilearen heriotzaren arrazoiak ikertzea eskatzen dugu, baita bere lan baldintzak ere, lan erritmoak, azpikontratazioen lan baldintzak eta abar», gaineratu du. Hori guztia dela eta, AHTaren lanak gelditzea eskatu du. «Lan istripuekin behin betikoz amaitzeko norabidez eta ereduz aldatu behar dugu, non langile bakoitzaren eta langileriaren osasuna osagai nagusia izango den», gaineratu du.

ELAk ere langilea azpikontratatutako enpresa batean ari zela nabarmendu du. «Langilea Tecnolevers and Mobile Cranes SL Errioxako enpresa batentzat ari zen lanean, Comercial Urratz enpresak kontratatuta. Aldi berean, azken enpresa hori UTE Adunak azpikontratatutakoa da, eta azken hori Euskal Trenbide Sareak azpikontratatuta dago». Segurtasun eza eta prekarietatea ere aipatu ditu sindikatuak, «are gehiago, horrekin lotutako hainbat betegabetze salatu ditu ELAk Eusko Jaurlaritzako Lan Sailaren aurrean behin eta berriz». Horiek horrela, «langileen osasuna eta bizitzaren kontura kostuak aurreztea beste helbururik ez duen era honetako gehiegizko jardueren kontrako berehalako neurri publikoak» eskatu ditu.


Bederatzigarrena
Sindikatuen arabera, atzokoarekin bederatzi dira AHTaren lanetan hildako langileak. Horietako hiru eskualdean izan dira. Atzokoarekin batera, 2014an Asteasuko lanetan hil zen langile bat eta beste bat 2011n, Tolosako Aldaba Txiki auzoan. Zizurkilgoa baino lehen, Zornotzan (Bizkaia) beste langile bat hil zen.

Sindikatuek AHTaren lanetan, istripu ugari izaten direla ere salatu dute. LABen arabera, heriotzei izandako istripu arin eta larriak batu behar zaizkie, «baita eraikuntza obra horietan gertatzen diren eta jatorria lanean duten gaixotasunak ere, ezkutuan geratu arren».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!