Tolosaldea Bus Greba

Tolosaldea Bus-eko aferak blokeo egoera gainditu du

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko urr. 3a, 14:58
Tolosaldea Bus-eko langileek bi manifestazio egin dituzte.

Zortzi hilabete eta gero gaur goizean egindako bileran aurrera pauso nabarmena eman da. Bihar dute bigarren bilera erabakigarria.

Zortzi hilabete eta gero, Tolosaldea Bus-eko langileek bihar erabaki dezakete greba mugagabea bertan behera uztea.

Urtarrilean hasi zuten borrokaldia, bi alditan banatutako sei eguneko greba egin zuten urtea hasi berritan, eta otsailean hasi zuten mugagabea. Hilabeteak enpresaren eta langileen arteko elkarrizketarik gabe eman eta gero, pasa den irailean egin zituzten lehen bi bilerak, eta gaurko bilera mugarri izan dela esan du ELA sindikatuko Ana Alkortak. «Enpresak proposamen serio bat jarri du mahai gainean, eta hitz egiteko prest dagoela adierazi du». Enpresak negoziatzeko borondatea agertu du beraz, eta langileak itxaropentsu daude. Bihar izango dute bigarren bilera erabakigarria; greba mugagabean dauden langileek proposamen bat jarriko dute mahai gainean. «Ea zer erantzuten duten, baina itxaropentsu gaude», gaineratu du.


Aldarrikapenak
Tolosaldea Bus-eko langileek enpresa hitzarmena aldarrikatzen dute. 2014tik ez dute berritu. Uztailean herrialde mailako hitzarmena sinatu zen –ELAk ez zuen sinatu– eta enpresa hori sinatu zain zegoen, greba mugagabean dauden Tolosaldea Bus-eko 14 langileekin biltzeko. Langileek dena den, herrialde mailako hitzarmenak ez dituela beren nahiak asetzen diote. Euren ustez Tolosaldea Bus-en egiten duten lanak ezaugarri propioak ditu, eta horiek ez dira aurreikusten herrialde mailako hitzarmenean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!