Pentsio duinak aldarrikatuz jarraitzen dute

Mikel Iraola 2018ko urr. 1a, 14:18

Pentsio duinak aldarrikatuz elkarretaratzea eta manifestazioa egin dituzte pentsiodunek, Tolosan. Aurretik, Pertsona Nagusien Eskubideen Aldeko I. Birak geldialdia egin du herrian bertan.

Pertsona Nagusien Nazioarteko Egunarekin batera, Euskal Herriko hiriburu eta herri askotako kaleak hartu dituzte pentsiodunek, berriro ere.

Tolosa ez da salbuespen izan, eta dozenaka izan dira Plaza Zaharrean bildu, eta Alde Zaharretik barrena manifestaziora batu direnak, Tolosako Harizpe eta Iturriza, Amarozko Beti Gazteak eta Ibarrako Bizi-Nahi elkarteek, eta Duintasuna elkarteak egindako deialdiari jarraituz.

Espainiako gobernuari ez ezik, gaurkoan Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako gobernuari ere zuzendu dizkiete beren eskakizunak: Pentsio Sistema Publikoa defendatzeaz gain, gutxieneko eta genero bereizkeriarik gabeko 1.080 euroko pentsioa, KPIaren araberako igoera legez bermatzea, 1.200 euroko gutxieneko soldata, jasangarritasun faktorea baliogabetzea, aurretiko erretiroa ez zigortzea aldarrikatu dituzte, Zaintza Sistema Publiko anitza bermatzea, edota menpekotasun eta gizarte zerbitzuak hobetzea, besteak beste.

«Aitzakiarik gabe» jokatzeko eskatu diete gobernuei, pentsioen arazoari irtenbidea bidera dezaten: «Aberastasuna badago. Espainiar estatuak inguruko Europako estatuek baino 4 puntu gutxiago gastatzen ditu pentsioetan, 46.000 milioi urteko. Arazoa da aberastasun hori oso gaizki banatua dagoela, aberats eta pobreen arrakala etengabe handituz», azaldu dute.

Eskakizun horiek lortzeko borrokan, datorren larunbatean indar erakustaldia emateko «aukera paregabea» dutela azaldu dute pentsiodunen mugimenduek. Hain zuzen, urriaren 6 horretan Gipuzkoa mailako manifestazioa egingo dute, Donostiako Boulevardetik abiatuta.

Gutunak alkateei

Mobilizazioaren aurretik, AGIJUPENS, Gipuzkoako Jubilatu eta Pentsiodunen Elkarteak antolatutako Pertsona Nagusien Eskubideen Aldeko I. Bira Tolosara iritsi da. Alegian egin zuten geldialdia ostiralean, eta gaurko deialdiarekin bat egiteko 11:30ak aldera iritsi dira udaletxe aurrera.

Ostiralean Alegiako eta Ikaztegietako alkateekin egin moduan, Tolosako alkateari gutuna helarazi diote. Bertan, pentsio duinen aldeko borroka babesteaz gain, erretirodunen guneekiko harreman instituzionala hobetzea, zentro horien jasangarritasuna bermatzea, Euskadi-Lagunkoia proiektuarekin bat egitea, hiri-espazioa egokitzea, herrian Pertsona Nagusien Kontseilua bultzatzea, heziketa aktiboa bultzatzea edota Domotikaren aldeko apustua egitea eskatu diete udal ordezkariei.

Horien inguruko xehetasun gehiago eman ditu Joxe Agustin Arrieta, AGIJUPENS elkarteko lehendakariak, gaur goizean Ataria Irratiri eskainitako elkarrizketan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!