Eguzkitako krema, soinekorik ederrena

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko uzt. 11a, 09:30

Uda ez litzateke uda, eguzkitako kremarik gabe, edo hala beharko luke, behintzat; azala babesteko kontzientzia asko zabaldu den arren, oraindik ere mantso doaz, ohitura eta errutina egokienak.

Azala da giza-gorputzeko organorik handiena; azpiko mekanismo guztia babesten duen soinekoa da, nolabait. Uda-giroz, ordea, sortzezko soineko horrek beste soineko bat jantzi behar izaten du gainetik, eguzkiaz babesteko. «Erabateko babesa ez da existitzen», dio Mapi Ugalde Tolosako Olarreaga farmaziako langileak: «Eguzki izpien ehuneko txiki bat beti iritsiko da azaleraino, eta horren arabera erabili beharko dugu krema».

Farmaziako mostradoreak eskaintzen dion ikuspegitik, Mapi Ugaldek dio herritarrek «gero eta kontzientzia handiagoa» dutela azalaren zaintzaren inguruan: «Gaur egun, lehen baino zailagoa da, adibidez, bizkarreko azala joaten ari zaion norbait ikustea, eta hori urtetako lanaren ondorio da», dio.

Hala ere, eguzkitako krema zorroztasun handiagoz erabili beharko lizatekeela uste du botikariak: «Argi dago, krema ontzi batek zenbat irauten digun ikusita, ez dugula behar adina ematen, eta ezta beharrezko maiztasunaz ere».

Eskiatzaile eta bidaiarien kasuak salbuespentzat hartuz, uda atarian hasi ohi dira, farmaziak, eguzkitako krema gehien saltzen, «eguzkia ateratzen denean». Horrela, haur txikien gurasoak eta pertsona helduak izaten dira, oro har, eguzkitarako kalitatezko babesa nahi izaten dutenak: «Esango nuke eguzkiarekin arduratuta dagoen jendeak erosten dituela kremak farmazian. Babes handiaren bila bertaratzen dira».

Zenbakiak eta mitoak

20, 30, 50 eta 50+ babesa duten kremak daude merkatuan. Mapi Ugaldek azaldu duenez, krema etxeek adostasun bat lortu zuten eta, orduz geroztik, neurri berberak erabiltzen dituzte: «Etxe bat edo bestea izanda ere, babesa bera da, zenbakia berdina baldin bada».

50+ babesa da altuena, beraz, eta ekoizleek jada ez dute 50etik gorako zenbakirik idazten: «Izan ere, zenbakia igotzeak jendea lasaitu egiten du eta, askori iruditzen zaie, 100 zenbakira iritsiz gero, babes osoa izango dutela, baina ez da horrela».

Zifra eta babesen dantza horretan, baina, zein da batzuen eta besteen arteko desberdintasuna? Akaso, behin batez, igerilekuan aldamenekoak esan zuen babesa berbera dela, eta maiztasuna dela aldatu beharrekoa; eta ileapaindegian, berriz, kontrakoa. Bada, lotura nahiko logikoa da, zenbakien eta babes mailaren artekoa: zenbaki baxuagoek gutxiago filtratzen dute eta, ondorioz, eguzki izpi gehiagori uzten diote pasatzen.

Farmazialariak gomendio argia eskaini du: «Norbait oso-oso azal zurikoa baldin bada, babes altuena erabili beharko du, eta haur txikiek ere berdin; berez, hiru urtera bitarte ezin dute eguzkitan egon. Eta, azal beltzaranekoak direnek ere, tropikora oporretara baldin badoaz, eta egun osoa eguzkitan pasatu behar baldin badute, babes altuena eman beharko lukete».

Etxean, hondarretan baino hobeto

Finean, errutina sinple batzuei heltzea da, eguzkiaz behar bezala babestea. Eta, bide horretan, Mapi Ugaldek argi dio krema etxetik atera aurretik ematea dela komenigarriena: «Eguzkitan jarri baino 20-30 minutu lehenago eman behar da eta, beraz, etxean eman beharko genuke: ez gaude izerditan, ez dugu hondarrik oinetan, erosoago gaude,... Gainera, krema behar bezala emanez gero, bigarren eta hirugarren aldiz errazago emago dugu beti».

Ezinbestekoa baita, babes egokia aukeratzearekin batera, krema bi orduz behin ematea: «Zenbaki altuenek ere ez dute egun osorako babesik bermatzen. Eta, kirola egin eta izerdituz gero, edo busti eta toallarekin lehortuz gero, krema kendu egiten da».

Horri lotuta, norberak ematen duen krema kopurua ere arazoaren gakoetako bat izan ohi da: «Ontzian jartzen duen babes hori bermatzeko, etxeak berak gomendatzen duen krema kopurua eman beharra dago, eta hori krema bakoitzaren argibideetan zehazten dute. Ez dugu irakurtzeko ohiturarik, baina irakurri egin beharko genituzke; 50+ krema izanagatik, oso kantitate gutxirekin beso osoa ezin da behar bezala babestu», dio.

Azalaren memoria

Normaltasunez begiratzen zaio eguzkitan gorritu eta erretako azal zati bati; after sun pixka bat, eta bihar azal beltzaranagoa. Erredurak arinegi hartzeak, ordea, ondorio latzak izan ditzake: «Melanoma hor dago, oso agresiboa da eta urtero azaltzen dira kasuak. Azalak memoria dauka, eta duela urte asko egindako erredurekin gogora gaitezke gerora», dio Ugaldek.

Ikerketen arabera, 18 urtetik behera egindako erredurak askoz ere kaltegarriagoak dira minbizia posible bati begira, 18 urtetik gora egindakoak baino. Eta, hain justu, adinarekin batera igotzen da eguzkiaz babesteko kontzientzia: «Nerabeek kolorea hartu nahi izaten dute, eta lagunekin hondartzara joanda, beharbada, ez dute krema behar bezala ematen. Gero jabetu ohi gara eguzkiak duen arriskuaz, eta gaiaren larritasunaz».

Kaltea egina dagoenean, after sun kremak izan litezke sendagai onenak eta, erredurarik gabe ere, udako hilabeteetarako lagun ona izan liteke after sun-a: «oso formulazio egokia dute, udan, krema hidratante moduan erabiltzeko: eguzkia eraso bat da azalarentzat, eta krema horiek lagundu egiten dute azala eta kolorea hobeto mantentzen».

Norbere azala ezagutzeko eta zaintzeko gogoa nahikoa dira, beraz, eguzkiaz behar bezala babesteko. Hortik aurrerakoak, gustu kontuak dira: «Erosoa zaigun krema aurkitu behar dugu eta, noski, bi orduko babes egonkor hori eskainiko diguna».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!