Zerbait berria bizitzeko ez dela urrutira joan behar, etxetik kanpo bizitzeko ez dela diru asko behar eta bost egun pasatzeko zortzi kiloko motxila eramatea nahikoa dela ari dira ikasten Tolosaldeko 14 gaztetxok. Zumardi elkarteak antolatuta Aralarko Zeharkaldia irteera egin dute azken egunetan eta gaur bukatuko dute abentura. 9 eta 14 urte arteko gazteek hartu dute parte zeharkaldiko lehen txandan. Bigarren txandan 8 bat gaztek hartuko dute parte eta uztailaren 16tik 20ra egingo dute Aralarko bira berezia.
Josu Iztueta ekimeneko antolatzaileetako batek azaldu duenez, etxetik, Tolosa bertatik, atera ziren Aralar mendikatea zeharkatzeko asmoz. «Ibilaldia era autonomoan osatzea da helburua; oinez joan, bidean lo egin, eramandakoa jan... eta trenez itzuli etxera», esan du. Izan ere, Tolosatik atera eta lehen etapan Altzo eta Bedaio ezagutu zituzten, hortik Amezketara joan ziren, Igaratzara ondoren, eta Aralarko ingurunean ezagutzeko aukera ere izan zuten. Igaratzan eman dute azken gaua eta gaur jaitsiko dira Uharte Arakilera, handik trenez Tolosara itzultzeko.
«Oinez ibiltzea, eramandakoa jatea eta lotarako edonon moldatzea ezinbestekoak dira, baina horrekin batera ere oso garrantzitsuak dira elkarbizitza lantzea, erabakiak hartzen jakitea eta daukaguna konpartitzea», gaineratu du Iztuetak. Gazteek aire librean eta inguruko paraje ederretan gozatzeko aukera izan dute egun hauetan telefonorik gabe, adinen arteko banaketarik egin gabe, araurik gabe... Balore gehiago ere barneratu dituzte; erosketak herriko dendetan egitea edo garraio publikoa erabiltzea guztiontzat dela aberasgarria.
Era berean, bertako parajeak ezagutzeko aukera ere eman nahi izan diete gazteei, askotan gertukoa ez baitugu ezagutzen. «Amezketan jendearekin hitz egitea, Altzo edo Bedaio bera ezagutzea oso aberasgarria da gazteentzat», esan du. Horrela gazteak kontentu, eta baita herritarrak ere. Bedaioko Artubi elkarteko kideek esaterako asko eskertu zuten gazteek Bedaio ezagutzeko aukera eduki izana, askok ez baitakite Tolosa dela ere.