Sakabanatzearen egiak azaleratzen

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko uzt. 4a, 09:00
Naike Diez eta Jon Ijurko Etxerateko kideak.

Etxeratek adinekoek presoen urruntze eta sakabanatzea nola bizi duten gizarteratzeko kanpaina abiarazi du; dokumental-hitzaldi bat egongo da bihar, Ibarran, 19:00etan.

Haurrekin egin bezala, adineko pertsonei presoen urrunketak eta sakabanaketak nola eragiten dien gizarteratu nahi du Etxerat elkarteak. Adinak berak eta gaixotasunek egunerokotasunean eragiten dien muga edo baldintzei, senideak bisitatzeko egin beharreko kilometro kopurua gehitu behar zaie; ehunka kilometro eta ordu asko 40 minutu eskaseko bisita bat egiteko, postura berean, kasu bakarren batean oxigeno makina ondoan dutela... «Egoera latza da. Batzuk ezin dute jada senideak bisitatzera joan, adinak edo gaixotasunen batek eragozten dietelako. Eta senidea ez bisitatzeak zama asko dakar, psikologikoa, batez ere. Senideekiko duten distantzia hori telefono dei bakar batean moztea oso gogorra da», esan du Etxerateko Gipuzkoako arduradunak, Naike Diezek.

Eskualdean hamabi euskal preso daude eta horien artean ere badira horrelako kasuak. Elduaingo Anabel Eguesen aitak 82 urte ditu eta jada ezin ditu bisitak egin; berdin Villabonako Karlos Besanceren amak, 88 urte inguru ditu; Ibarrako Maite Aranalderen amonak 94 urte ditu eta hiruzpalau urte dira ez duela bisitarik egiten; eta Manu Azkarate tolosarraren amak bisitak egiten baditu ere adindua da eta asko kostatzen zaio.

Ez dira kasu isolatuak. Tolosaldeko hamabi euskal presoen artean %50ak 40 eta 50 urte artean ditu, %42a bisitatzeko 2.000 bat kilometro egin behar dira, eta preso horien gurasoen adina gora doa. Datuak eman ditu Etxeratek: eskualdeko presoen %47ak 65 eta 70 urte inguru ditu eta %20ak 80 urtetik gora ditu. «Kasu askotan senideek ezin dute bidaia egin, adinez aurrera doazelako, batzuk 80 urtetik gorakoak dira. Urte luzez bizi duten egoera da, gainera», azaldu du Diezek.



29 URTE LUZE

Errealitate gordin hau ez da berria, baina muturreratzen ari da presoak ere adinean aurrera doazelako. «29 urte dira sakabanaketarekin hasi zirela eta benetan gogorra egiten zaigu 29 urte eta gero sakabanaketa zer den azaldu behar izatea», esan du Tolosaldeko Etxerateko Jon Ijurkok.

Etxeratek Donostian hasi zuen adineko pertsonen eta sakabanaketaren inguruan abiarazitako ekimena, eta bigarren geldialdia Ibarran izango da. Muturreko egoeraren berri emateko dokumental-hitzaldi bat eskainiko dute bihar, osteguna, 19:00etan Ibarrako kultur etxean. «Tolosaldeko hitzordua Ibarran izango da eta uda pasa eta gero jarriko gara berriz ere martxan. Seguruenik datorren ikasturtean eskualdera itzuliko gara», esan du Diezek.

Ibarran dokumental bat eskainiko dute lehenik. «Dokumentalean, batetik, testigantzak bildu ditugu eta, bestetik, egoera honek osasunean zein eragin dituen jorratzen da», esan du. Naike Diez egongo da hitzaldia eskaintzeko eta baita senideren bat eta medikuren bat ere, «argazki orokorra» osatu ahal izateko. Dokumentalean biltzen diren testigantzak «gogorrak» direla esan dute eta kasu zehatza kontatu. «Dokumentalean Ibon eta Eneko Goieaskoetxearem ama azaltzen da. Semeetako bat Galizan daukate eta Frantzian bestea. Dokumentalean dio azken bisitek oinaze gaindiezinak eragin dizkiotela eta ez dakiela nola egingo duen aurrera. Ez du dokumentala ikusiko, ezta semeak ere, urtarrilean hil zen», azaldu dute.

SENTSIBILIZAZIO KANPAINAK

Etxerateko kideek Motxiladun Umeen kanpainaren balorazio positiboa egin dute, gaia gizarteratzeko balio izan baitu, eta adineko pertsonekin hasitako honekin ere gauza bera egin nahi dutela esan dute. «Haurrekin bezala dispertsioaren sektore zurgarri baten lanketa berri bat egin nahi dugu, kasu honetan adinekoekin. Adinduak eta baita gaixotasun zein ezintasunak dituztenak ere. Jende kopuru bat badago urrunketari aurre egin ezin diona», azaldu du Diezek.

Espainiako Gobernuaren azken berrien inguruan galdetuta «hankak lurrean» dituztela esan dute. 280 euskal preso daude espainiar eta frantziar estatuetan eta Portugalen sakabanatuta eta horietako hamar inguruk gaixotasun larria dutela egin dute publiko eta 3 dira 70 urtetik gorakoak. «Espainiak horiek gerturatuko dituela esan du eta itxaropentsu hartu dugu albistea. Baina aurretik ere jaso izan ditugu zaplaztekoak, beraz ikusi arte ezin dugu sinetsi. Aznar ere hasi zen, baina gerora dispertsio politika mantentzen joan dira, ez mantentzen bakarrik, baita muturrera eramaten ere. Hankak lurrean ditugu», esan du Ijurkok. «Frantzian zegoen preso bat ere gerturatu dute, baina Algecirasea... Hori gerturatzea bada...», gaineratu du. «Preso horiek kalean beharko lukete gainera, hirugarren graduan edo espetxe araudiko beste punturen bat aplikatuz».

ISTRIPUAK

Sakabanaketak eta urrunketak ekarri duen beste errealitate bat ere azaleratu nahi izan dute Etxerateko kideek, istripuena. Izan ere, joan den asteburuan urteko laugarren istripua izan zen. Garikoitz Garcia Arrieta preso aretxabaletarra bisitatzetik bueltan zetozen bi lagunek istripua izan zuten. Picassenteko espetxean (Valentzia, Herrialde Katalanak) dago Garcia Arrieta, Euskal Herritik 540 kilometrora, eta handik etxera itzultzen ari zirela izan zuten ezbeharra presoaren bi lagunek. Ez dira bakarrak; urte luze hauetan hamasei hildako eragin ditu egoera horrek, «eta ez dituzte aitortzen. Lan asko dugu egiteko, oraindik sakabanaketa zer den azaldu behar dugu, pentsa istripu horien aitortzaren zain bagaude...», esan du Diezek.

Euskal presoen senide eta lagunek ezin dutela iraganean hitz egin ere esan dute: «Guk astebururo ditugu bisitak, eta biktima potentzialak gara, istripuak izaten dira.. Hori da gure zamarik handiena, guk ezin dugu iraganean hitz egin. Gaur egungo kontakizuna eraikitzeko guda horretan iraganean hitz egiteko aukera daukate batzuk, pozten gara, aitortzen dugu euren mina, baina guk ezin dugu, ez gaituzte onartu ere egiten», esan du.

Lanean jarraituko dutela diote eta gaia gizarteratzen segituko dutela. «Gure helburua dispertsioarekin amaitu eta presoak askatzea da. Baina bien bitartean sentsibilizazio kanpainak egiten jarraituko dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!