Energia sistema jasangarriak hautatu izana saritu dute

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko eka. 20a, 14:50
EEEko eta udaletako arduradunak, Usabalen.

Energiaren Euskal Erakundeko arduradunak Tolosan izan dira gaur goizean, Tolosaldeko herriei trantsizio energetikoarekiko hartutako konpromisoa aitortzeko.

Euskal Trantsizio Energetikoarekiko konpromisoa aitortzeko bildu dira Tolosako Usabal kiroldegian. Bertan Tolosaldeko herri batzuetako ordezkariak izan dira, Goierriko eta Urola Garaiko beste hainbat arduradunekin batera. Aitortza argiteria publikoan eta energia berriztagarrien sustapenean egindako lanarengatik eman diete, besteak beste. Udaletako arduradunek udalerriaren konpromisoa egiaztatzen duen ziurtagiria jaso dute.

Aitortza ekitaldia baino lehen, Usabal kiroldegiko barrunbeak ezagutzeko aukera izan dute han bildutakoek Usabalgo gerentearen, Asier Martinen, eskutik. Izan ere, Usabal kiroldegia energiaren kudeaketa efizientean erreferentziala dela esan du EEEko Iñigo Ansola zuzendari nagusiak. Kiroldegiak EEErekin lankidetzan 2015ean instalatu behar izan zuen kogenerazio-instalazio bat du eta horren berri eman du Martinek. Motorrak kiroldegiaren bero-eskaeraren zati handi bat estaltzen duela esan du. Galdarak une jakinetan erabiltzen dituzte errefortzu bezala, eta sortzen den elektrizitate guztia autokontsumorako erabiltzen dute.

Era berean, bero-trukagailu bat instalatu zuten, igerilekuetatik erretiratzen den ur beroarekin sartzen den ur hotza berotzeko. Instalazioen energia-efizientzia hobetzeko ahalegina osatzeko, argiteria LED teknologiara egokitu zuten eta presentzia sentsoreak ere jarri zituzten.

Ekitaldian Tolosa 2016tik Alkateen Itunean sartuta dagoela esan dute eta itunetik eratorritako Plan Energetiko bat daukala nabarmendu. Bere ekarpen nagusia argiteria publikoaren efizientzia dela ere esan dute. Tolosak eta Amezketak Zazpiturriko zentral elektrikoa dute, eta bere energia berriztagarriaren iturri nagusia da.

Horiek horrela, Iñigo Ansolak  Tolosaldea Garatzen, Goieki eta Uggasa garapen agentzien inplikazioa eskertu du eta esker on hori irudikatzeko Energiaren Euskal Erakundeak sorturiko Energiaren Bidea-Euskal Energiaren Trantsizioa udalean ere bereizgarria jaso dute.

EEEren laguntza programak 800.000 euroko aurrekontua du eta Toki Administrazio Publikoari zuzendutako energia-aurrezpena eta energia berriztagarriak sustatzeko proiektuetara bideratzen dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!