Tortura: sistema bat sisteman?

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko eka. 8a, 13:25

Paco Etxeberriak 'Tortura eta tratu txarren ikerketa' txostena aurkeztu zuen, asteazkenean, Tolosako pleno aretoan

Manuel Irujo saria jasoko du, bihar, Paco Etxeberriak, giza eskubideen alde alderdikeriarik gabe lan egiteagatik. Hain justu, jardun horren adarretako bati heldu zen, joan den asteazkenean, Tolosako pleno aretora. Tortura eta tratu txarren ikerketa txostena aurkeztu zuen, udalbatzak antolaturiko Bizikidetza elkarrekin eraikitzen hitzaldi zikloan eta, besteak beste, irmoki azpimarratu zuen, biktima guztiak beren eskubideek berdintzen dituztela.

Eusko Jaurlaritzaren Gogora institutuak Euskal Herriko Unibertsitateari eskaturiko ikerketa bukatzeko da oraindik, baina badira hainbat datu azpimarragarri: 1936tik 2014ra bitarte, dokumentatutako 4.113 tortura kasu daude EAEn, eta azken lau urteotan beste 400 ere jaso dituzte; Nafarroan beste 1.000 kasu daude.

Tortura eta tratu txarren ikerketa abiarazteko, Gogora institutuak bi epealdi bereizi zituen hasieratik: 1936 eta 1975 bitartekoa memoria historikoaren epealditzat jo zuten, eta 1960 eta 2014 bitartekoa, berriz, memoria berritzat. Horren harira, Manuel-Reyes Mate filosofoaren aipu bat baliatu zuen, Etxeberriak, memoriaren oinarriak Tolosako pleno aretoan plazaratzeko: «Biktima guztiek memoriaren eskubidea dute eta, ondorioz, gainerako herritar guztiek dute memoriaren betebeharra».

Bada, biak eskubidea eta betebeharra gauzatze bidean, Etxeberriaren lantaldea hiru proba mota josten hasi zen, ikerketa osatzeko: «Probek dokumentalak izan behar dute, testigantzazkoak izan behar dute eta perizialak izan behar dute». Horrela, beraz, analisi orokor eta banakakoekin mamitu dute, 1936tik 2014ra bitarteko tortura kasuen txostena.

Ikuspegi orokorrari dagokionez, lantaldeak zenbait hutsune izan ditu: «Asko kosta zaigu dokumentazioa eskuratzea eta, besteak beste, Sabino Arana fundazioa, Fundacion Pablo Iglesias, Lazkaoko beneditarren artxiboa, zenbait abokaturen dokumentazioa eta ezkutuko paperak izan ditugu iturri».

Izan ere, azken zortzi hamarkadatako historian, badira «oso ondo» neurtutako gauzak, eta baita lausoago geratu direnak ere: «ETAk erail edo zauritutako pertsona kopurua oso ondo dokumentatuta eta aztertuta dago». Aldiz, ikerketari ekindakoan, ikusi zuten atentatu parapolizialak ez zeudela hain ondo lekukotuta: «Nork du gogoan, adibidez, 1974 eta 1979 artean, Tolosan hainbat lehergailu jarri zituztela eta ez zirela ETAren ekintzak izan? Edo, nork du gogoan Tolosan liburudenda bat eta arrandegi bat erre zituztela?».

Dokumentazioak eman ez diena, beraz, banakako analisiekin osatu dute, norbanakoak banan-banan elkarrizketatuta: «Villabonako Udalak sustatutako Hotzikaren kronikak txostenean testigantza zuzenetarako izen-abizen asko bildu ditugu, eta jada plazaratutako testigantzak berresteko aukera ere izan genuen, Ion Arretxerena kasu».

Oraingoz, 1.000 elkarrizketa grabatu dituzte bideoan, eta diktadura garaiko testigantzetan dute hutsunerik handiena: «Jende askori bizitza baldintzatu diote torturek, eta askok ez dute hitz egin nahi».

«Gezurra» iraultzera

Tortura kasuak gezurtzat jo izan dituzten akusazioei azpimarra jarri zien, hitzaldian, Paco Etxeberriak, eta akusazio horiek iraultzera jo zuen, gero, Tortura eta tratu txarren ikerketa txostena bera baliatuz.

Azaldu zuen, esaterako, 1972an eta 1984an torturak salatutako bi pertsonak, berdin-berdin deskribatu zituztela Tolosako Zumalakarregi kalean zeuden ziegak: «Herri desberdinetakoak ziren, eta ez zuten elkar ezagutzen. Instalakuntzaren marrazki berdina egin zuten, eta bainuontzia leku berean kokatu. Zergatik? Juan Mari Jauregik eman zuen ziega horiek ixteko agindua».

Era berean, Luis Arsuaga apaiz eskolapioaren kasua ere hizpide izan zuen; hitzaldira bertaratutako askok ezagutzen zuten. «Abadeak ere torturatuak liburuan irakurgai da bere kasua. Manifestazio batean atxilotu zuten eta, atxiloaldiaren ondoren, hilabete pasatu zuen Asuncion klinikan. Gero, Venezuelara joan zen eta han hil zen».

Gisa horretako bizipenen errekonozimenduak gizartean izan duen garapenari ere heldu zion Etxeberriak. Gogora ekarri zuen, 1968an, Euskal Herriko tortura kasuak salatu zituztela estatuko 1.500 intelektualek: «Tartean ziren Luis Mari Retolaza, Alfonso Guerra, Carlos Garaikoetxea, Joseba Azkarraga, Amnesty International eta hainbat gotzain». Jose Barrionuevo Barne ministroak «torturarik ez, baina tratu txarrak» izan zirela esan zuenekoa ere gogorarazi zuen Etxeberriak. Eta, halaber, alderatu egin zituen gizartearen eta erakundeen torturarekiko kezka: «1960 eta 2014 artean, euskal gizarteak kontzientzia handia zuen gaiarekiko; ordea, erakundeen kezka ez da gizartearekiko parekidea izan». Galdeketa berrienetako bati helduz, berriz, 2017an Deustuko unibertsitateak egindako ikerketa baten arabera, unibertsitateko ikasle euskaldunen %70k uste dute, tortura oso maiz erabili izan dela Euskal Herrian.

Horren guztiaren aurrean, Paco Etxeberriak aho-bizarrik gabe azaldu zuen, «ez dela fenomeno honetara gerturatu eta gezurra dela esan duen ikuslerik».

Egiari zor

Tortura salaketen sinesgarritasuna zalantzan jarri izan duten ahotsekin batera, izan dira, urteotan guztiotan, testigantza horiei benetakotasuna aitortu dioten epai eta iritziak ere.

Besteren artean, Espainiako Auzitegi Gorenak, 1973 eta 1982 bitartean Euskal Herrian gertatutako 20 tortura kasu berretsi zituen. «Horiei Lasa eta Zabalaren kasua eta Joxe Arregirena gehitu behar zaizkionez, 22 kasu lirateke guztira», azaldu zuen Etxeberriak. Denera, 31 pertsona kaltetu eta 49 polizia zeuden, auzi horietan guztietan.

Orobat, Paco Etxeberriak «eztabaidaezintzat» jo zuen, Tolosako saioan, ikerketaren zilegitasuna eta haren metodologia: «Istanbuleko Protokoloa gure tresnetako bat izan da ikerketan eta, oraingoz, 202 pertsonari egin diogu. Emaitzen arabera, norbanako horiek guztiek egia diote. Testigantzen %2 sendotasunik gabekotzat jo ditu protokoloak, beste zenbait arrazoi medio».

Etxeberriak argi dauka «epaileek nahi izan balute, torturak amaitu» egingo zirela. Eta, bide horretan, torturaren aurka egin duten zenbait adituk jasandako erasoak ere plazaratu zituen: «Luis Moles lankide eta mediku forentseari lehergailua jarri zioten autoan, torturak ikertzearren; lana utzi zuen. Eta, neroni, hiru bider erre didate autoa».

Datu, testigantza eta dokumentu errenkada aurkeztu eta gero, urratu beharreko bideak aipatuz biribildu zuen, Paco Etxeberriak, saioa. Haren arabera, «biktima guztiei zor zaie egia, justizia eta erreparazioa», baina errekonozimendu hori, oraindik, ez zaie guztiei iritsi: «ETAko biktima guztiek izan dute, kasu guztiak ikertu eta plazaratu baitira. Aldiz, beste biktimen kasuekin ez da gauza bera gertatu». Kontrara, gizartean ETArenak ez diren biktimek errekonozimendu handiagoa izan dutela uste du adituak.

«Eta, non daude erakundeak? ETAko biktimei egia, justizia eta erreparazioa eskaini diete, baina besteei ez», azaldu zuen: «Biktima bakoitzari berea eskaini behar zaio».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!