«Pentsio duinen eskubidea» gauzatu egin behar dela diote pentsiodunek

Imanol Garcia Landa 2018ko eka. 7a, 10:57
Tolosaldeko erretirodunek eta pentsiodunek zein hainbat eragilek egin dute manifestazioan parte hartzeko deialdia.

Eskualde mailako manifestazioa deitu dute larunbaterako erretirodunek eta pentsiodunek. 12:00etan abiatuko da Tolosako udaletxearen aurretik, eta hainbat eragileren atxikimendua jaso dute.

Harizpe, Iturriza, Beti Gazteak eta Bizi Nahi elkarteek zein Tolosaldeko Duintasuna elkarteak egin dute manifestazioaren deialdia. Mobilizazioen beharra ekarri dute gogora prentsa agerraldian: "Baten batek zalantzarik bazuen, argi geratu da borrokatzeak merezi duela. Mobilizazioen bitartez pentsiodunok lortu dugu gure arazoa agenda politikoan eta aurrekontuen negoziazioan sartzea".

Hala ere, EAJk eta PPk adostutakoak ez dituela pentsiodunen eskaerak asetzen azaldu dute, "nahiz eta akordioaren protagonistek, etengabe, bere lorpenaren onurak hedabideetatik kaleratu". Hori horrela, pentsiodunek uste dute akordio horren arabera ez dagoela "inongo bermerik" hemendik aurrera bere pentsioen igoera KPIaren araberakoa izango dela esateko. "Izan ere, onartutakoak dioenez, soilik 2018 eta 2019rako igoerak aipatzen ditu. Nafarroako eta EAEko diru sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) bitartez osatzen diren pentsioek ez dute igoerarik izango. Sostengarritasun faktorea ez da ezabatzen, 2023ra atzeratzen da".

Akordioaren bitartez eskaintzen dituzten "apurrekin", pentsiodun askoren egoera "bere larritasunean" uzten dutela diote: "Hiru pentsiodunetik batek, gutxieneko soldataren azpitik kobratzen du eta pentsiodunen %52ak 1.000 euro baino gutxiago". Pentsiodunen arabera, "datu hauek garbi adierazten dute aberastasunaren banaketa oso injustua dela, eta horrek, bereziki, emakumeak zigortzen dituela, izan ere, beraien erretiro pentsioak gizonenak baino %70 baxuagoak dira".

"Pentsio publiko duina" jasotzeko eskubidea, alderdien arteko negoziazio politiko batean bihurtzea "onartezina" dela diote: "Gure pentsioak ezin dira alderdi politikoen eztabaidetarako txanpon truke erabili". Adostutako akordioan ez dutela bermerik ikusten diote, "aldarrikatzen dugun Pentsio Sistema Publikoa errealitate bihur dadin". Bestalde, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aipatu ere ez dela egiten gaineratu dute. Hori horrela, beraien aldarrikapenekin jarraituko dutela azaldu dute. Hau da, KPIa erreferentzi bezala hartzea pentsioak igotzeko, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea, eta babes eta segurtasun sozialeko erakunde propioak lortzea.

Manifestaziora deitu dutenek garrantzia eman diote gizarte osoa mobilizatzeari: "Pentsatzen dugu bizitza duina, kalitatezko lanpostuak, pentsio duinak izateko eskubidea, ez direla soilik pentsiodunon aldarrikapenak izan behar". Hori horrela, gizarte osoari manifestazioan parte hartzeko eskaria egin diote.

Dagoeneko hainbat atxikimendu jaso ditu manifestazioak, eta bertako hainbat ordezkari izan dira prentsa agerraldian. Ondokoak izan dira jaso dituzten atxikimenduak: Giro Arte dultzaineroak, Ibarrako Txiribitu Taldea, Kazkabarra Taldea, San Bernardo Eskaut Taldea, Bonberenea, TOPA (Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde), Berdinbide, Zutani, Stop Kaleratzeak, Etorkinen Aldeko Elkartea, Euskal Herria Sozialista, Tolosaldeko Feminista Taldea, Tolosako Gazte Asanblada, Anoetako Gazte Asanblada, Ibarrako Gazte Asanblada, Alegiako Gaztetxea, Amarotz Auzo Elkartea, San Esteban Kultur Elkartea, Berazubi Auzo Elkartea, Larramendi Auzo Elkartea, Ernai, ELA, LAB, ESK, Otsabio Elkartea eta Amasa-Villabonako Duintasuna.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!