'Xuabe' taldea hirugarren, Aritzalekuko taldekako triatloian

Tolosaldeko Ataria 2018ko eka. 4a, 19:00

Asier Mujika tolosarrak zazpigarren postua eskuratu zuen distantzia olinpikoko proban, 2:21:00ko denborarekin.

Leratek (Nafarroa) Aritzaleku kanpineko triatloia hartu zuen, beste behin, joan den larunbatean. Distantzia olinpikoa eta sprinta lehiatu zituzten kirolariek, eta probak erreleboka osatzeko aukera ere izan zen. Horrela, Antton Telleria, Asier Capa eta Julen Telleria Xuabe taldeko kideek hirugarren postua eskuratu zuten errelebo olinpikoan, 2:23:00ko denbora osatuz.

Bakarkako lanean, podiumera igotzerik izan ez bazuten ere, lehenengo hamar sailkatuen artean sartu ziren Tolosaldeko Triatloi Taldeko bi kide: Asier Mujikak zazpigarren egin zuen, eta 2 ordu eta 21 minutuan osatu zituen, 1.500 metro igerian, 40 kilometro bizikletan eta 10 kilometro korrika; Ion Artutxak, berriz, 2 ordu eta 22 minutu behar izan zituen, hamargarren sailkatuz.

Azkenik, aipatzekoa da triatloi olinpikoko emakumezkoen errelebo bakarra eskualdekoa izan zela: Arrastaka taldeko Irati Artutxa, Onintze Hartsuaga eta Itzea Urkizu tolosarrek osatu zuten.

Sailkapen osoa eta probaren inguruko informazioa hemen ikus daiteke. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!