Sugarren eguna ospatuko du Ernaik, ekainaren 9an, Amasa-Villabonan

Tolosaldeko Ataria 2018ko mai. 25a, 11:06

Estreinakoz antolatu dute festa eguna, martxoaren amaieran Gazte Akelarrean "sortutako suak bizirik jarrai dezan".

Martxoaren amaieran Ernai eta Aitzina! gazte antolakundeek Gazte Akelarrea antolatu zuten Oiartzunen, Euskal Herri osoko gazteak elkartuz. Formakuntza saioak edota tailerrak izan zituzten, elkar ezagutzeko helburuarekin.

Tolosaldetik joandako gazteek, eskualdean ere gisa horretako egun bat antolatzea erabaki zuten orduan, "Gazte Akelarrean sortutako suak bizirik jarrai zezan". Egun horri Sugarren Eguna deitu diote, eta ekainaren 9an ospatuko dute Amasa-Villabonan. "Gure lana da Euskal Herriko herrietan su txikiak pizten jarraitzea gazteon borrokak aurrera jarrai dezan", azaldu du Ernaik ohar baten bidez.

Sugarren Egunean, bi mahai-inguru izango dituzte goizean: lehenik eta behin emakumeek espazio publikoan dituzten arazo eta erronkei buruz hitz egingo dute Oihana Iguaran, Itziar Gastearena eta Haizea Nuñezen eskutik. Ondoren, ziklo politiko berriari buruz hausnartuko dute Haimar Altuna eta Maddi Isasirekin.

Gero bazkaria egingo dute, eta horretarako txartelak salgai dira Tolosako Amaiur, Anoetako Itzuli, eta Billabonako Iratzar tabernetan. Arratsaldea, berriz, bertso poteoarekin alaituko dute, Maialen Akizu eta Eli Pagola bertsolarien laguntzarekin. Eta egunari amaiera emateko, ekainaren 10ean Gure Esku Dagok deitu duen giza kateari babesa erakusteko argazkia aterako dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!