Osasun publikoaren afera

Lehen lan hitzarmena izatea lortu dute Asuncioneko langileek

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko mai. 21a, 11:42

Pozik azaldu dira gaur, Asuncion klinikako langileak prentsaurrean. 6 urte eta gero lan hitzarmena izango dutela iragarri dute, lehena, eta ostiraletik aurrera hasiko dira zuzendaritzarekin hitzarmena puntuz puntu negoziatzen. Euren eskaerak aintzat hartu dituztela ikusita, duela bost hilabete hasitako mobilizazioak bertan behera utzi dituzte.

Osakidetzako langileekin konparatuz, Asuncion klinikako langileek lan baldintza kaskarragoak dituztela salatu dute azken hilabeteetan. Lan baldintza duinak eskatu dituzte orain arte, eta gaur iragarri dutenez bide horretan lehen pausoak ematen hasiak dira. Asuncioneko langileek lehen lan hitzarmena izatea lortu dute eta ostiralean bertan hasiko dira hitzarmena puntuz puntu negoziatzen zuzendaritzarekin. Hori ez da kasualitatea dena den, urte "zailak" pasa dituzte eta azken bost hilabeteetan mobilizazio ugari egin dituzte, horien artean, greba. "Hitzarmen honek gure lan baldintzak jasotzen dituen oinarri sendo bat bermatzen digu", esan du klinikaren atarian Arantxa Errondosoro langileak.

Besteak beste, lortu duten lan hitzarmenak lau urteko indarraldia izango du, 2018-2021, eta soldatetan ere izango du eragina, horrela orain arte galdu duten eros ahalmena berreskuratzen hasteko aukera izango dutelarik. 2017 urterako %1,5eko soldata igoera izango dute, eta 2018tik 2021 urteen artean Osakidetzako langileei aplikatuko zaien igoera berbera izango dute, gutxieneko bermea KPIa izango delarik. Era berean, lan jardunean 40 orduko murrizketa izango dute, 10 ordu urte bakoitzeko, alegia. Ultraktibitate eta inaplikazio klausulak ere izango dituzte, eta ordu osagarri bakoitzarengatik bi eguneko atsedenaldiarekin konpentsatuko zaie. Era berean, kontziliazioa hobetzeko pausoak eman direla eta langileek euskara ikasteko %100eko diru laguntzak izango dituztela ere esan dute.

"Akordio honi esker eroste ahalmena galtzeari utziko diogu, asteko 35 orduetatik gertuago aurkitzen gara, gure lan baldintzak lan erreformaren aurrean babestuta daude, gainera hainbat hobekuntza sozial ere lortu ditugu", gaineratu du Errondosorok.

Lehen pausoak ematen hasi dira beraz, baina aurrerantzean ere lanean jarraituko dutela esan du: "Badakigu hau ez dela hemen amaitzen, enpresari eta Eusko Jaurlaritzari dugun gaitasuna erakutsi diegu, beraz, sinatzera goazen hitzarmen hau bere osotasunean betetzeko lanean jarraituko dugu, baita osasun zerbitzua kaltetzen duen irregulartasunen aurka ere".

Elkartasuna

Prentsaurrekoa eskerrak emateko ere baliatu nahi izan dute. Batetik, Tolosaldeko biztanleen eta bertako eragile sozialen elkartasuna nabarmendu dute. "Eragileei esker, grebalariei esker eta beren borondatearen kontra zerbitzu minimoak bete behar izan dituzten langileei esker, enpresak zituen marra gorriak haustea lortu dugu, borroka hau irabaziz", esan du.

Elkartasuna agertu dutenekin batera, egoeraren aurrean interesik izan ez dutenak ere izan dituzte gogoan. "Tolosaldeko hainbat udaletxetan agintean dauden alderdi politiko batzuek, horien artean EAJ eta PSOEk, bizkarra eman digute". Era berean, Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren jarrera lotsagarritzat jo dute. "Behin eta berriz eskatu diogu egoera honen aurrean esku hartzeko eta ez du eskatutakoa egin, Tolosaldeko 65.000 biztanleak eta Asuncioneko langileak axola ez zaizkiola argi utzi du".

Negoziazioa hastear dauden arren, enpresaren orain arteko jarrera ere gogoratu dute eta esan dute langileak akordio batera iristeko borondatea izan duten bezala, enpresak ez duela izan: "Bere helburua langileak desgastatzea izan da, negoziazio mahaia blokeatuz, errealitatea gezurrez estaliz, zerbitzu minimoak ez errespetatuz, aldebakarreko erabakiak hartuz, komitea desprestigiatuz, negoziazio arauak ez betez, langileak presionatuz...".

Arazoak arazo, horiek gainditu eta mobilizazio eta elkartasunari esker lehen hitzarmena izango dutela gogoratuz bukatu dute agerraldia, lortu dutela argi utziz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!