Landa eremuko berdintasunari begira, politika zehatzak egiteko

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko mai. 14a, 15:11

Gipuzkoako Foru Aldundiak emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna bermatzeko lanketa egin du; Fraisoron aurkeztu dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuna eta Lurralde Oreka sailek emakumeen eta gizonen papera neurtu dute landa eremuan eta horretarako Gipuzkoako hirigunean eta landa eremua parez pare jarri dituzte. Diagnosia hainbat saiotan banatuta egin dute eta azken saioa gaur izan dute, Fraisoro Nekazaritza Eskolan.
Bertan izan dira Tolosaldeko landa eremuko eragile eta udaletako ordezkariak diagnosiko emaitzak jasotzeko. «Uste dugu rol klasiko eta tradizionalek pisua badute inon, hain justu, landa eremuan dutela. Baserri munduan, herri txikietan, emakumeen eta gizonezkoen arteko rolak garai batekoak dira oraindik eta ez daude behar bezala eguneratuak», esan du Markel Olano diputatu nagusiak. Diagnosia eginda ateratako «ikuspegia» politika zehatzetara bideratuko dutela esan du Olanok. Izan ere, orain arteko azterketa sozioekonomiko askok ez diote begiratu landa eremuko egoera espezifikoari eta horregatik da garrantzitsua atzo aurkeztutako diagnosia, diputatuaren hitzetan.

Azterketa egiteko 20 adierazle baino gehiago hartu dituzte kontuan, tartean metabolismo demografikoa, kohesio soziala, egitura ekonomikoa eta lurralde egitura. «Une honetan gizonezko eta emakumezkoen arteko berdintasunaren kontua pil-pilean dago, eta horri begira esan behar da, Gipuzkoako enpresa askotan berdintasun politikak garatzen direla eta zonaldekako garapena ere hor dagoela, baina landa eremua alde batera utzita dugula, eta horregatik jarri dugu dinamika hau martxan», gaineratu du.
Bide horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiko bi zuzendaritza –Berdintasunerako Organoa eta Lurralde Oreka– horretan ari direla esan du Olanok, «landa eremuan berdintasuna lortzeko politikak garatzeko».



Emaitzak
Diagnosiaren emaitzen berri bertan bildutako eragile eta udaletako arduradunei eman diete, eta horien artean nabarmendu dute «emakumeen eta gizonen arteko rolak landa eremuan errotuagoak eta finkatuagoak daudela», esan du Diputazioko Berdintasun Organoaren zuzendariak, Miren Elgarrestak. Hala ere, landa eremuan aldaketak nabaritzen ari direla esan du eta «ikerketa honek estrukturalak diren ezaugarri bereziei aurre egiten» lagunduko duela. Adibidez, landa eremutik kanpoko desplazamenduak txikiagoak dira formazio eta enplegurako aukera zabalagoak dituzten eskualdeetako herri txikietan, Debagoiena eta Goierri, kasu.

2011 urteko datuen arabera, aktibotasun mailan herri txikietan gainontzeko udalerrietan baino ia zortzi puntu gehiago du emakumeen jarduera ezak eta are handiagoa da amatasuna eman ohi den adin tarteari begiratzen badiogu, 30 eta 44 urteen artean, alegia. Orokorrean, emakumeen langabezia handiagoa da herri txikietan. Elgarrestak azaldu duenez, arreta berezia jarri behar zaio amatasunaren urteetan garapen profesionalean eta errenta mailan landa inguruko emakumeetan egoerari eta zaintza lanen arduran egiten den banaketari. «Desberdintasunak ez egonkortzeko arreta oso bereziarekin aztertu beharreko ezaugarriak dira horiek», esan du Elgarrestak.


Inkesta kuantitatibo zabala
Diagnosia egin ahal izateko, Gipuzkoa mailako inkesta kuantitatibo handi bat osatu dute. «Diagnosi horrek eman digun emaitza da emakumeek landa eremuan daukaten etorkizuneko itxaropena euren herritik eta gunetik kanpora kokatzen dutela. Horrek ekartzen duena da desoreka demografiko handi bat. Gure gizartea orekatzeko egin behar dugu lan, baita landa eremuan ere. Berdintasuna da etorkizuna lantzeko elementurik garrantzitsuenetakoa», esan du Olanok.

Diputazioko Berdintasun Organoaren zuzendariak argitu du Gipuzkoan lau saio egin dituztela eta gaurkoa izan dela azkena. «Saio horietan lurralde orekaren ikuspegian genero irakurketa berezi bat egin dugu, ikusteko gure herri txikietan zein osasun demografiko dugun, batez ere. Hau da, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko partaidetza horri begira jarri gara, eta lehen fase honetan ikusi duguna da herri txikietan emakumezkoen presentzia apalagoa dela, herri handiagoetan baino». «Demografia, formazioa, jarduera ezaren tasa, lanbidea eta errenta maila hartu ditugu kontuan. Azken urteetako errentaren mailaren garapena positiboa izaten ari dela ikusi ahal izan dugu, baina landa eremuko emakumeen errenta gizonezkoena baino zortzi puntu baxuagoa da, hala ere», gaineratu du.

Ikerketa honek duen garrantzia nabarmendu du ere Iñaki Labaka Lurralde Orekarako zuzendariak: «Lurraldearen zati esanguratsu batez ari gara, bai hedaduraz eta baita sozialki eta ekonomikoki ere». Landa eremua baserriari lotutako espazioez gain, herri txikiek eta udalerri handietako auzo eta nekazaritza eremu zabalek ere osatzen dutela esan zuen. Horrela, Gipuzkoan gutxi gorabehera 120.000 herritar bizi dira landa eremuan, biztanleriaren %20.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!