"Lan munduan eta lan mundutik" eragin nahi du LAB sindikatuak

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko mai. 1a, 13:57

Maiatzaren Leheneko eskualdeko manifestazioa egin du, Tolosan, LAB sindikatuak; tarte berezia izan dute, martxan, Asuncioneko langileek.

Bi mugarriren inguruan gorpuztu dira, aurten, Maiatzaren 1eko aldarrikapenak, eta sindikatu nagusiek erreferentzia egin diete martxoaren 8ko mobilizazioei eta pentsiodunen aldarriei; haien olatua hartu nahi izan dute.
Eskualdean mobilizazio bakarra izan da, Tolosan, LAB sindikatuak deituta; Maiatzaren Lehena bailaraz bailara antolatu duen sindikatu bakarra izan da aurten. Horrela, beraz, 12:00etan manifestazioa irten da, Trianguloa plazatik, «aldaketa soziala» eskatuz. Eskualdeko ehunka pertsona batu dira deialdira, eta babestu egin dute Lan, bizi, herri duina leloa.

Izan ere, LAB sindikatuak bi erronka nagusitara heltzeko gogoa azaldu du, aurtengo Langileen Nazioarteko Egunaren karietara: batetik, herritarrak mobilizatu nahi dituzte aldaketa soziala gauzatzeko eta, bestetik, burujabetza prozesuari lotu nahi diote eraldaketarako grina hori. Bide horretan, LABek «politikan eragiteko nahia eta zilegitasuna» azpimarratu ditu, gaur, manifestazioaren ondotik egindako irakurketan: «Guk politikan eragin nahi dugu. Sindikatu soziopolitikoa gara (...). Pentsiodunak, emakumeak, gazteak, langileak,... Hor daude gaurko borroken gakoak, eta garai berri bati aurre egiteko prest gara».

Ordea, LABek ohartarazi du aldaketa «ez dela bakarrik etorriko», eta «borroka dela bidea». Horren harira, irakurketan txalogarritzat jo dituzte Tolosako Asucion klinikan greban ari diren langileak, eta manifestazioan bertan ere tarte berezia izan dute; bost hilabete pasatxo daramatzate greba eta mobilizazioetan.

Hitzak Gasteizi eta Madrili

Tolosako erdigunea zeharkatu du LAB sindikatuaren mobilizazioak eta, Trianguloa plazatik, Foruen etorbideraino igo zen martxa, Nafarroa etorbidetik Zumalakarregi zeharkatu eta, Korreo kalean behera, Plaza Berriraino heltzeko. Bertan, sindikatu abertzaleak testuinguru nazionaletik ekin dio Maiatzaren 1eko irakurketari, azalduz, «berezia» izan dela aurtengo Maiatzaren Lehena. ETAren desagertzeari erreferentzia egin diote, eta «une historikotzat» jo dute momentua: «Ez dago aitzakiarik konpromisoak geure gain hartzeko (...). Guztioi dagokigu gatazkaren ondorioak gainditzeko inplikatzea».

Horri lotuta, gogor kritikatu dute EAJ, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 4ko Kanboko ekitaldira ez bertaratzeko hartu duen erabakiagatik: «Gainera, Espainiako aurrekontua onartzea erabaki du. EAJ-PP binomia neoliberalismo hutsa da, eta bagenekien gertatuko zela. EAJk erabaki du murrizketak inposatzen dizkigutenekin lerrokatzea; bakeari oztopoak jartzen dizkion estatua babestea; erabakitzeko eskubidea ukatzen jarraitzen dutenei eskua ematea. Oso larria da!».

Espainiako Gobernua aipatuta, 155. artikulua lan mundura ere iritsi dela nabarmendu dute LABeko kideek, lanbidearteko hitzarmena inpugnatu dutela gaitzetsiz: «Gure lan hitzarmenak zentralizatzen ari dira, eta euskal langileoi gero eta gehiago mugatu nahi digute erabakiak hartzeko ahalmena, hala dagokigun gaietan».

Horrenbestez, «enplegu, bizimodu eta pentsio duinak» izateko, zenbait helburu zehatz zerrendatu dituzte: 1.200 euroko gutxieneko soldata; 35 orduko lan astea; soldata arrakala desagerraraztea; pribatizazioari eta azpikontratazioari aurre egitea nahiz 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzea.

Azkenik, datorren maiatzaren 26rako eta 30erako antolaturiko mobilizazioak iragarri dituzte, "pentsio duinen alde eta estatalizazioaren aurka", hurrenez hurren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!