La Manadaren epaia gaitzetsi dute, Tolosako epaitegiaren aurrean

Tolosaldeko Ataria 2018ko api. 27a, 12:36

Atzo mobilizazio jendetsuak egin zituzten eskualdeko hainbat herritan. Eguerdian, berriz, Tolosaldeko Mugimendu Feministak deituta, elkarretaratzea egin dute Tolosako epaitegiaren aurrean.

2016. urteko sanferminetan gertatutako talde-erasoaren epaia bi urtera plazaratu zuen, atzo, Nafarroako auzitegiak. Bost gizonezko horiek egindako delitua bortxaketa ez, abusua izan zela erdietsi du epaimahaiak, gizartearen zati handi bat asaldatuz.

Tolosaldeko mugimendu feministak ere altxatzera deitu zituen eskualdeko herritarrak. Atzo iluntzean elkarretaratze jendetsuak egin zituzten Anoetan, Amezketan, Bidania-Goiatzen, Amasa-Villabonan eta Tolosan; jendetsuak eta haserrez jositakoak.

Gaur, berriz, Tolosako epaitegiaren aurrean bildu dira, atzoko epaia gaitzetsiz. Epaimahaiaren erabakian "oso larritzat" jo dute kasua bortxaketatzat jo ez izana. Ez da abusua, bortxaketa da lelopean, 60 herritar inguru bildu dira eguerdian. Justizia ere matxista da! bezalako oihuak entzun dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!