Tolosa Herria, Tolosan argazki kultura areagotzea helburu

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko api. 13a, 12:40
Kasino elkarteko Xarles Iturbe eta Targazkiko Javi Ortiz eta Miren Atxaga.

Targazki Tolosaldeko argazkilari taldeak Tolosa Herria Nazioarteko Argazki Lehiaketa antolatu du bosgarren aldiz. Lanak maiatzaren 27a arte bidali daitezke.

Bi dira Tolosa Herria Nazioarteko Lehiaketarekin lortu nahi dituzten helburuak, “Tolosan argazki kultura areagotzea eta gure herriaren izenak oihartzuna izatea argazki munduan”, esan du Targazki taldeko Miren Atxaga lehendakariak. Targazki da hain justu, lehiaketa antolatzen duena eta aurten bosgarren aldiz egin dute deialdia.

 

Lehiaketa nazioarte mailako da eta beraz, mundu osoko lanak jasotzen dituzte, iaz 12 herrialdetako argazkiak ikusi ahal izan zituztelarik. Helburuetako bat Tolosa eta Tolosaldeko argazkilariei plataforma bat eskaintzeko aukera ematea ere badenez, sari orokorrez gain, bertakoek bidalitako argazkiek ere izaten dute saria. Argazki lehiaketen lehiaketara, Argizaiolara, pasabidea lortzeko aukera ere ematen du gainera, Tolosa Herria lehiaketak. “Lehiaketan puntuaketa altuena lortzen duten Euskal Herriko hiru argazkiek Argizaiolan parte hartzeko aukera izango dute”, esan du Atxagak.

 

Gaia librea da, orain arteko edizioetan bezala, eta edozeinek aurkeztu dezake bere lana. Epaimahaiko kideak urtero desberdinak dira, eta aurtengoan iazko Argizaiolaren irabazlea ere egongo da, Asier Garagarza, hain justu, Targazki taldeko kidea ere badena.

 

Iaz lehen aldiz, gazteei begira jarri zuten lehiaketa, eta emaitza ona ikusita, aurten esperientzia errepikatzea erabaki dute. Hori dela eta, 12 eta 16 urte arteko gazteek ere sail berezia izango dute lehiaketan. Lehenik eta behin, ikastaro bat jasoko dute eta bertan ateratako argazkiekin parte hartu ahal izango dute. Pasa den urtean bi egunetan banatuta egin zuten ikastaroa, baina aurten egun bakarrean egingo dute, apirilaren 21ean. Goizean 6 orduko ikastaroa jasoko dute eta arratsaldean, argazkiak atera, sailkatu eta parte hartu nahi badute, argazki horiek aukeratu eta bidali ahal izango dituzte. Ikastaroan parte hartzeko targazki@gmail.com helbidera idatzi behar da. Gazteak oso "potente” datoz gainera. “Iaz harrituta geratu ginen gazteez egindako lanekin”, esan du Atxagak.

 

Lehiaketan saria jasotzeak Argizaiolan parte hartzeko aukera eman dezake eta baita lanak erakusteko aukera ere, baina horretaz gain, dirua ere banatzen dute eta aurten gainera, diru kopurua pixka bat handitzea lortu dutela esan du Javier Ortiz Targazki taldeko kideak. “Diruz ez gara oso ondo egoten, baina aurten iturri gehiago ere izan ditugu eta sarietan antzemango da”, esan du. Tolosako Udalaren, Tolargiren eta lehen aldiz Kutxa Fundazioaren laguntzarekin osatzen dute lehiaketa.

 

Epaia ekainaren 4an jakinaraziko dute eta sari banaketa ekainaren 16an izango da, Kasinoan, izan ere, Kasino elkarteak beti lagundu izan dio taldeari bere aretoak utziz. Ekainaren 16an sari banaketarekin batera bi erakusketa inauguratuko dituzte. Batetik, lehiaketa orokorrean hoberen puntuatutako 40 argazkiak erakutsiko dituzte eta, bestetik, argazkilari tolosarrek aurkeztutako eta hoberen puntuatutako 20 argazki jarriko dituzte, horietako 6 gazteen sailekoak.

Fitxa

  • Parte hartzaileak: Argazkilari profesional zein amateurrak.
  • Gaia: librea.
  • Baldintzak: aurreko urteetako lehiaketetan aurkeztu gabeko 4 argazki partaideko, gehienez.
  • Lanak aurkezteko epea: maiatzak 27.
  • Nora: https://form.jotformeu.com/Targazki/tolosa-herria-2018
  • Informazio gehiago: targazki@gmail.com edo www.targazki.com.

 

 

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!