Eskualdeko Lanbide Heziketari so

Iñigo Terradillos 2018ko api. 15a, 10:57

Urrun geratu da Lanbide Heziketa bigarren mailako ikasketatzat hartu izan den garaia. Urrun, era berean, Lanbide Heziketa aukeratzen zuten ikasleen kopurua. 20 urte atzera egiten badugu, gazteen laurdenak hautatzen zuen bide hori, eta gaur egun, %45 ingurukoa da kopurua. Tolosaldeari dagokionean, bertan diren bost zentroetan, 25 ziklo ikas daitezke eta 1.000 ikasle inguru daude une honetan.

Gorakada horretan zerikusi zuzena izan dezake lan munduan murgiltzeko ematen duen erraztasun handiagoak, eskariaren zati handi batek Lanbide Heziketako ikasketekin lotura baitu. Bestetik, nabarmentzekoa da, baita ere, kalitatean nahiz eskaintzen diren zikloetan asko egin duela gora aukera honek.

Horren erakusle garbietakoa da Tolosaldea. Bost zentro daude eskualdean, Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutua, Inmakulada Lanbide Heziketa Ikastola, Fraisoro eskola, Don Bosco Lanbide Heziketa Institutua eta Peñascal kooperatiba. Sektore eta maila desberdineko formazioa eskaintzen dute, eta ikasketa guztiak euskaraz egin daitezke, aukera hori ematen duen eskualde bakarra izanik. Hainbat zentrotako ikasle ohiekin nahiz enpresa eta erakundeetako ordezkariekin bildu da TOLOSALDEKO ATARIA eskualdeko Lanbide Heziketaren ezaugarrien inguruan solasteko.


«ESKAINTZA ZABALA ETA ANITZA DU ESKUALDEAK»

Unai Andueza Tolosaldea Garatzeneko enpresa saileko teknikariak azaldu duenez, hiru jarduera ekonomikorekin egiten dute lan eskualdeko garapen agentzian. Oro har, Tolosaldeko Lanbide Heziketaren eskaintza «zabala eta anitza» dela uste du. Sektoreka, lehen sektorean profesionalizazio maila handitzea beharrezkoa dela dio, eta alde horretatik, «lanbide heziketa eskaintza oso garrantzitsua da. Eta, zer esanik ez, hirugarren sektorean, zaintzan, osasungintzan, bai baitakigu hor eskaerak gero eta handiagoak izango direla». Bigarren sektorea jorratzen dutela batik bat dio Anduezak, eta industriari lanbide heziketak ematen dion erantzuna «garrantzitsua» dela. «Etorkizunean ere garrantzitsua izango da, eta erronka batzuk baditu etorkizunari begira, izan ere, esaterako, populazioa murrizten ari da». Tolosaldean, metal mekanika sektorearekin lotutako jarduera nagusitzen dela zehaztu du, eta baita papergintzaren historiaren ondorio bezala geratu diren jarduera batzuk. «Industria 4.0-k ekartzen dituen erronkak oso garrantzitsuak izango dira, lehiakorrak izateko mundu mailan, eta horretan Lanbide Heziketak pisu garrantzitsua izango du», gaineratu du.

Aitor Ariznabarreta Ariznabarreta SA Onicrom enpresako kudeatzailea da, eta bere ustez, «oso positiboa» da eskualdeko lanbide heziketa eskaintza. Hori bai, oraindik ere, jende gehienak unibertsitate ikasketak egin nahi izaten dituela dio, eta «bide horretatik lana topatzea zailagoa izaten da». Asteasuko bere enpresan langileak Lanbide Heziketatik hartzeko hautua egin dute, eta «oso gustura» daude, eta «baita langileak ere». Praktiketarako hartu ohi dute jendea, eta horrela nola lan egiten duten ikusteko aukera izaten dute. Horretarako, ikasketak eta lan egitea bateratzen diren Dual prestakuntza baliatzen dute. Ikasteko modu honekin, ikasleak lehen urtea ikastetxean egiten du, eta bigarrenean, lan kontratu baten bitartez, modulu batzuk enpresa batean garatzen ditu, eta besteak ikastetxean. «Dualak guk behar dugun lanetarako jendea prestatzeko aukera ematen digu; esaterako, duela bi urte kontrolerako pertsona bat behar genuen, eta bereziki lan horretarako prestatu zuten ikasle bat, eta, une honetan, beste pertsona bat daukagu bulegoan ekoizpena eramateko, horretarako prestatua izan dena».

 


«LANBIDE BAT IKASTEKO AUKERA EMATEN DIZU»

Ikasleek ere oso positibotzat dute ikasi eta aldi berean lanean aritzeko aukera hori. Uxue Odriozola Fraisoro eskolako ikasle ohia da, eta Dual prestakuntza aukeratu zuen: «Eskolan ikasten ari zara, eta aldi berean, enpresa batean lanean kontratu batekin. Nik aukeratu nuen, lanbide bat ikasteko aukera ematen dizulako, mundu errealean murgiltzen zarelako». Izan ere, Odriozolak dioen moduan, eskolan «denetarik pixka bat» ikasi ohi da, baina, «prestakuntza honi esker, benetako lanbide batean hasten zara, lan esperientzia jasoz».

Garikoitz Eizmendi Tolosaldea LHIko ikasle ohia da, eta ikasten ari zen bitartean jarri zen lanean: «Ikasleentzako aukera ona da enpresa munduan sartzeko, eta, era berean, ikasteko benetan lana nola den». Enpresarentzako ere «oso ona» dela dio, ikaslearen jarrera, lan egiteko gogoa eta nola funtzionatzen duen ikusten duelako.

Julen Legarra Don Boscoko ikasle ohiak norbere burua lanean ikusteari ematen dio garrantzia: «Praktiketan zure burua lanean ikusten duzun arte ez dakizu zer ezaugarri on eta txar dituzun, eta oso ondo dago horretaz jabetu eta hobetzen joateko».

Bestalde, enpresek langilea behar dutenean gehien begiratzen zaionari buruz galdetzean Aitor Ariznabarretak argi du «ahalik eta hobekien prestatuta egotea» dela. Dena den, hori ez da begiratzen den ezaugarri bakarra: «Gogoa edukitzeari ere garrantzi handia ematen diogu. Prestatuta etortzea, jokaera eta gogoa da garrantzitsua. Gu erakusteko prest gaude, eta gogotsu etorriz gero ikasi egiten duzu», dio. Hala, Ariznabarretak izan duen esperientziatik, Tolosaldean «ondo prestatuta» dagoela jendea deritzo. «Ondo prestatua eta jatorra topatu dugu guk». Eta gehitzen du, «preparatuz ero lana badagoela».

Tolosaldea Garatzeneko teknikaria ere bat dator enpresariarekin, langileen jarrera nabarmentzerakoan: «Ikasteko gogoa izatea, malgua izatea, taldean lan egiten jakitea... kontuan hartzen diren ezaugarriak dira. Ikastetxean, teorian eta praktikan gauza asko ikasi ditzakegu, baina badaude asko baloratzen diren beste zenbait ezaugarri ere». Tolosaldeko Lanbide Heziketak lan munduan dagoen eskaria kontuan hartuz eskaintzen duena «ondo» dagoela dio Anduezak, «osatua» dela, baina, horrekin batera, «oinarria jaso eta gero enpresen beharretara egokitu behar da, eta horretaz jakitun izan behar du, bai ikasleak eta baita enpresak berak ere».

 


«MUTIL EDO NESKA BATEK PRESTAKUNTZA BERDINA BADU AUKERA BERDINAK EMAN BEHAR ZAIZKIO»

Eta, Lanbide Heziketan emakumeak eta gizonak parekidetasun egoeran al daude? Aitor Ariznabarretak azaltzen duenez, enpresa txikietan gerta daiteke ez egotea prestatuta emakumezkoak nahiz gizonezkoak leku berean lan egiteko: «Guk, une honetan, tailerrean lan egiten duten bi emakume ditugu, eta esperientzia oso ona izan da. Egia da, orain urte batzuk, nire aita zegoenean, mekanika enpresa batean emakumeak sartzeko aldaketa oso konplikatua izan zela. Animatu egin ginen. Emakume bat egon zen praktiketan eta ikusi genuen oso jarrera ona zuela. Mekanikaren bidetik doazen emakumeek benetan gustatzen zaielako egiten dutela ikusi dut, eta hori enpresentzako oso ona da. Gure arazoa izan zen ez geundela prestatuta, emakumeak eta gizonak leku berean edukitzeko, aldagelak, komunak... Enpresa txikietan hori gertatu daiteke, baina, nik jendea animatuko nuke pausoa ematera».

Enpresetan pauso asko daude oraindik emateko, eta ikastetxeetan? Uxue Odriozolak zehazten duenez, 25 ikasletik lau neska ziren bere gelan. «Badirudi ziklo batzuk emakumeei zuzendutakoak direla eta beste batzuk, aldiz, gizonei zuzenduak, eta hori gertatzen da, esaterako, basogintzan, mutilentzako zerbait dela uste dela». Baina, ez soilik eskolan, lan munduan ere gauza bera ikusi eta bizitu du: «Nik bizitu izan dut nire arloko lanetan mutilak lehenago hartzen direla neskak baino. Oraindik desberdintasun handiak egiten dira, eta hori hautsi behar dugun lehenak gu emakumeak gara, baina, enpresak ere bai, aukera berdina emanez. Mutil batek edo neska batek prestakuntza eta ezaugarri berdinak baditu aukera berdinak eman behar zaizkio».

Elena Begiristain Don Boscoko ikasle ohiari, ikasi dituen bi zikloetan bi egoera desberdin gertutik bizitzea egokitu zaio: «Nire lehen kasuan, laborategian neskak bakarrik ginen. Emakumeak laborategian aritzeko txukunagoak garenaren ustea dago oraindik. Alderantziz, kimika industriala ikastean soilik lau neska ginen klasean eta enpresetan oraindik ez dute ematen neskak kontratatzeko pausoa, esaterako produkzioan. Bakarrik laborategian egon gaitezkeela dirudi. «Produkzioan egoteko ere ikasi dugu eta enpresek pauso hori eman behar dute».

Aitzol Urkiza Inmakulada ikastolako ikasle ohia da, eta bere kasua alderantzizkoa dela esan daiteke, hau da, mutilak gutxiengoa diren eta tradizioz emakumeenak izan diren arloetan egotea egokitu zaio. Berak dioenez, rolak apurtu behar dira: «Nire kasuan, nahiz eta kontratu bat egiterakoan bazterketarik ez jasan, bai begiratzen dela gizonezkoak zer lanpostutan kokatu». Osasungintzan emakumeak gailentzen diren arren lanean hasteko ez duela inoiz arazorik izan zehaztu du.

 


«PRESTAKUNTZA POLITA ETA INTERESGARRIA DA»

Formakuntza osoa dela, ate asko irekitzen dituela, praktika ugari dagoela edota lanerako sarbide ona duela nabarmentzen dute Lanbide Heziketatik igaro diren ikasleek. Uxue Odriozolak, esaterako, Fraisoro Eskolan ikasi zuen Gipuzkoan bertan baino ez dagoelako berak ikasitako basogintza modulua. «Niri gustatzen zaidana zen, eta horregatik joan nintzen bertara». Esperientzia oso ona izan zela gogoratzen du: «Asko ikasi dut bertan, bai teorian, bai eta praktikan ere, eta oso giro onean, gainera». Arlo ugari hartzen dituelako eta lan mundura oso bideratuta dagoelako gomendatzen du.

Aitzol Urkizak beste ezaugarria batu dio eskualdeko Lanbide Heziketari, hizkuntzarena: «Erradiodiagnosi irudiko teknikari ikasketak euskaraz egiteko aukera bakarra Inmakuladak Ikastolak eskaintzen duelako etorri nintzen Ondarrutik Tolosara, argi bainuen euskaraz ikasi nahi nuela». «Oso gustura» aritu da, eta lanerako sarbiderako ere zortea izan duela nabarmentzen du. «Ate ugari irekitzen dituelako» gomendatzen du Lanbide Heziketa egitea.

Garikoitz Eizmendik, berriz, zalantza izan zuen batxilergoa bukatu ostean, unibertsitate ikasketekin hasi ala ez, eta azkenean Lanbide Heziketaren bidetik jo zuen: «Tolosaldea Lanbide Heziketara ate irekien egun batean bisitan etorri ginen, zeuden zikloak ikusi nituen, eta argi geratu zitzaidan niri gustatzen zaizkidan atal guztiak nolabait ukitzen dituela». Esperientzia «oso ona» izan zela dio, «asko» ikasi zuela, eta lana bilatzean laguntza «handia» izan zuela: «Heziketa zikloa bukatzerako lanean ari nintzen, gaur egun arte». Bere ustez, Lanbide Heziketa ikastearen abantaila handienetako bat da «formakuntza bukatzen duzunerako lanbide bat, ogibide bat ikasia duzula. Oso konpletoa da, eta ikusten zoaz zer gustatzen zaizun gehien, eta horren arabera bidea aukeratzen duzu».

Julen Legarra unibertsitate ikasketak egiten hasi zen, baina, bi urtera aldatzeko beharra sentitu zuen: «Ez nuen neure burua ikusten. Lagun batek heziketa zikloaz oso ondo hitz egin zidan, eta horrela hasi nintzen Don Boscon». Unibertsitatetik desberdintasun handiak sumatu zituela dio, batez ere, praktika «ugari» dagoelako eta taldeko lana lantzen delako. Hirugarren heziketa zikloa egin eta lana topatu ostean «gustura» dagoela dio: «Ziklo desberdinak eginez, zure bidea osatuz zoaz, eta hori ere oso garrantzitsua da».

Elena Begiristainek, aldiz, Batxilergoa bukatu ostean «argi» zuen kimika arloko zerbait ikasiko zuela Lanbide Heziketaren bidetik. «Don Boscon ikasi nuen, eta oso-osoa da, teoria eta praktikarekin». Lehen zikloa egin eta lanean geratu zen, gerora bigarren zikloa egin zuen, eta hirugarrena bukatu berri du». Formakuntza «oso polita» eta «interesgarria» izan dela dio, eta berak ere ziklo desberdinak egitearen «onurak» nabarmentzen ditu. Lana bilatzerako orduan, berriz, ikastetxearen laguntza eskertzen du: «Lan poltsa bat du ikastetxeak, eta horrek ateak asko irekitzen ditu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!