Batzarra eta manifestazioa egin dute "pentsio duinen alde"

Tolosaldeko Ataria 2018ko api. 9a, 13:18

Tolosaldeko 300 pertsona baino gehiago elkartu dira, Pentsio justu eta duinaren alde lelopean, hainbat erretirodun elkartek eta Duintasuna elkarteak deituta. Tolosako Plaza Zaharrean batzarra egin ondoren, manifestazioa egin dute Alde Zaharretik.

Batzarrean azaldu dituzte egiten ari diren lau aldarrikapenak. Batetik, Espainiako Gobernutik pentsioak %0,25 igotzeko egin duten proposamenari "ezezko borobila" ematea. Bigarrena, pentsioak KPIaren arabera igotzea. Hirugarrena, Europatik datorren irizpidea kontuan hartzea, hau da, EAEri dagokionez gutxieneko pentsioa 1.080 euro izan behar duela. Eta zifra hori lortzea posible dela azaldu dute, eta gogora ekarri dute "pentsiodunen erdia 1.100 eurotara ez dela iristen, eta asko eta asko 500 eta 600 euro inguruko pentsioak jasotzen dituztela". Azkenik, EAEn "zergak kobratzen direnez, hemendik kudeatzea eta kontrolatzea ere pentsioak".

Hain justu, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatearen aldarrikapenari buruz, datorren ostegunean, apirilak 12, 19:00etan, hitzaldi bat izango da Tolosako Zerkausian. Gutxieneko pentsioa 1.080 euro izenburupean izango da hitzaldia, eta Marian Esnaola eta Joxean Urkiola izango dira hizlariak. Herritarrei bertara joateko deialdia egin dute elkarretaratzean, norberak dituen galderei erantzuna emateko aukera izango delako gai horren inguruan.

Bestalde, aurrera begira mobilizazioekin ere jarraituko dutela adierazi dute, eta hamabostean behin Tolosako udaletxearen aurrean elkartuko dira. Hurrengoa, beraz, apirilaren 23an izango da, 12:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!