Duintasuna aldarrikatzeko topaketa, ostiralean

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko mar. 21a, 09:32

LABek Ostiral Duinak ekimena abiarazi du eta etzi iritsiko da eskualdera; prekarietateari aurre egiteko elkarguneak sortu nahi ditu, «denon ekarpena beharrezkoa» dela uste baitu.

Prekarietatea agenda politikoan sartzeko garaia dela iritzita, elkarguneak sortzeko apustua egin zuen pasa den ikasturtean LAB sindikatuak. «Euskal Herriko hainbat herritan egin ditugu elkarguneak, hiriburuetan pasa den ikasturten, eta honakoan eskualdeetara zabaltzen ari gara. Tolosaldean ostiralean egingo dugu topaketa», esan du Tolosaldeko LAB sindikatuko ordezkariak, Haizea Mendiak. Tolosako Plaza Berrian egingo dituzte ekitaldiak, eta euria egiten badu, Berdura plazan.

Ostiral Duinak bezala izenpetu dute ekimena eta helburua herritarrekin bildu eta esperientziak trukatzea da, «beti ere, alternatibak daudela erakusteko», esan du Mendiak. «Horregatik herritarrei dei egiten diegu elkarguneetara gerturatu, parte hartu eta ekarpenak egitera, denon ekarpenak baitira beharrezko prekarietateari aurre egiteko», gaineratu du.

Behin esperientziak trukatuta eta harremanak eginda eragile politikoei «urratsak eman ditzaten» eskatuko dietela dio LABeko kideak eta neurri zehatz horietan oinarrizkoenak nabarmendu ditu: «1.200 euroko gutxieneko soldata bermatu, lanaren banaketa bultzatu, asteko lanaldi osoa 35 ordura murriztu, Madrildik etor daitezkeen erreformei aurre egiteko bertako hitzarmen kolektiboak adostu eta blindatu, lanaldi partzialean kontratatzeko garaian gutxiengo orduak ezarri, eta laneko ikuskaritzak enpresei kontrol eraginkorra egitea bermatu».

Prekarietateari aurre egiteko antolaketa beharrezkoa dela uste du sindikatu abertzaleak, izan ere, «gaur egun lanpostu bat edukitzeak ez du esan nahi prekarietaterik pairatuko ez denik. Euskal Herrian badaude hilabete bukaerara iristen ez diren langileak». Daturik ere eman du: «Zerbitzuen sektorean 3.369 inkesta anonimo egin ditugu eta emaitza izan da langileen %80ak lan baldintza kaskarrak dituela uste duela. Behin-behinekotasuna, soldata, malgutasuna, lanaldi mota eta lan ordutegiak aipatu dituzte prekarietatearen arrazoi bezala».

 

EGITARAUA

Martxoak 23, ostirala

  • 17:00. Altxorraren bila. Prekarietatearekin zerikusia duten gauzak eta aurre egiteko tresnak bilatuko dituzte, bata bestearen ondoan jarrita prekarietatea gainditu daitekeela erakutsi nahi du sindikatuak.
  • 18:00. Txotxongilo emanaldia. Ikuskizun horretan txotxongiloak baliatuko dituzte prekarietatea pairatzen duten langile guztien lan baldintzak eta prekarietatearen erantzuleak aurrez aurre jarriz.
  • 18:30. Kalejira-katea. Tolosako Alde Zaharrean kalejira-katea egingo dute trikiti doinuak lagundurik.
  • 19:00. Afari-merienda.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!