Tolosaldea Bus Greba

Greban bi hilabete betetzear direla, manifestaziora deitu dute Tolosaldea Bus-eko langileek

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko mar. 20a, 12:26

"Zurikeria" leporatu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari, "bestaldera begiratzeagatik"; manifestazioa ostegunean abiatuko da, 18:30ean, Tolosako Triangulotik.

Datorren larunbatean bi hilabete beteko dituzte greban, Tolosaldea Bus enpresako langileek. Hitzarmen duin bat eskatuz ekin zieten mobilizazioei eta, azken asteotan, bigarren aldarrikapen bat batu zaie protestetara: greba epealdian kaleratutako langilea berriro onartzea. Enpresak nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiak "entzungor" egiten dietela-eta, greba mugagabearekin jarraituko dute, eta manifestazioa antolatu dute datorren martxoaren 22rako. Tolosako Hiribuseko nahiz Tolosaldeko autobus lineetako erabiltzaileak deitu dituzte mobilizaziora, 18:30ean, Tolosako Trianguloa plazatik.

ELA sindikatuaren egoitzan egindako agerraldian, fokua jarri nahi izan diote Marisol Garmendia Mugikortasun eta Lurralde Antolakuntza diputatuak argitaratu berri duen artikulu bati. Bertan, Garmendiak azaldu du, 2017an barrena %8,5 igo dela Tolosaldeko bidaiari kopurua eta, horren harira, "garraio publikoaren eraginkortasuna hobetzeko apustua" egingo duela.

Tolosaldea Bus enpresako langileek iritzi dute, "zurikeria hutsa" dela halako baieztapenak egitea, "bi hilabeteko gatazkan egon, eta beste aldera begira dagoen bitartean". Azaldu dutenez, grebalariek ez dute inolako erantzunik jaso, joan den urtarrilaren 30ean mugikortasun sailari egindako bilera eskaerari dagokionez; "arduragabekeriatzat" eta jarrera "kezkagarritzat" jo dute.

Finean, "Gipuzkoako Foru Aldundia eta Tolosako udala prekarietatea finantzatzen" ari direla azpimarratu dute Tolosaldea Bus-eko langileek, eta irmoki eskatu dute, bi erakundeek esleipenaren jarraipena egitea, "baldintza-orrietan ezarrita dagoena betearaziz".

Aste Santuko oporraldia eta jai egunak datozela aurreikusi duten arren, Tolosaldea Bus-eko langileek grebari eutsiko diotela azaldu dute eta, osteguneko manifestazioaren ondotik, beste zenbait mobilizazioren berri emango dutela: "Tolosaldea Bus aberasten ari da, gu guztion dirutik. Erabiltzaile guztiak deitu nahi ditugu manifestaziora, gure zergekin ordaindutako zerbitzu bat delako, eta gure eskubidea delako konponbide bat eskatzea".

Lan-karga eta kaleratzeak

Azken asteotan behin eta berriz egin bezala, agerraldian ere azaldu dute legez ez dagozkien egitekoak bete behar izaten dituztela: "Aldundiaren esleipenean bada autobusak garbitzera bideratutako diru-sail bat; zehazki, 46.400 eurokoa. Ordea, gidariek garbitu behar izaten dituzte autobusak, trukean soldata osagarririk jaso gabe".

Bide beretik, Tolosako Hiribusaren kudeaketa ere gogor salatu dute, azalduz, 2,5 langilek aritu beharko luketen tokian, 2 langile aritzen direla, 44 orduko lanaldiak eginez: "Nora joan da lanaldi erdi hori egin beharko lukeen langilearentzako dirua? Gainera, lanpostu bat amortizatu dute, eta Hiribusean ari zen langile bat kaleratu dute. Egoera hori onartezina da".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!