Giza katea 2018

Giza katearen aurkezpen ekitaldia egingo du Tolosaldeko Gure Esku Dagok, larunbatean

Tolosaldeko Ataria 2018ko mar. 15a, 12:34

201,9 kilometroko giza kate batek Donostia, Bilbo eta Gasteiz batuko ditu ekainaren 10ean. Hitzordu horri begira Gure Esku Dagok jarri dituen erronken berri emango dute, larunbatean, Leidorren.

‘Eman eskua etorkizunari’ lelopean, giza katea Donostiatik abiatu, Bilbotik pasa, eta Gasteizen amaituko da, Eusko Legebiltzarraren atarian. Herritarron Itunean jasotako erabakitzeko arrazoiak plazaratzeko eguna izango da.

Helburu hori gauzatu ahal izateko, saretzearen garrantzaia azpimarratu du Gure Esku Dagok: "Gutxienez 100.000 lagun beharko dira giza katea osatzeko, eta, finantzaziorako ez ezik, antolaketarako ere, saretzea garrantzitsua da".

Hain zuzen, larunbatean bertan jarriko dira martxan giza katean parte hartzeko izen-emateak eskualdean, herrietako taldeen eskutik; 5€ren truke —zapi bat banatuko zaio parte-hartzaile bakoitzari—. Datorren astean zabalduko da sarean izena emateko aukera.

Giza katearen ibilbideak ez ditu Tolosaldeko herriak zeharkatuko, eta eskualdeari Mendaron (Debabarrena) egokitu zaizkio bere bederatzi kiometroak. Gutxienez 4.500 pertsona beharko dira distantzia hori osatzeko. "Hori da eskualdeko erronka. Tolosaldeko herritarrok esleitutako tramuetara joan beharko dugu giza katea osatzen dela ziurtatzeko". Horretarako, autobusak antolatuko dira.

Larunbatean Leidor betetzeko dei egin du Tolosaldeko Gure Esku Dagok. Aurtengo erronken inguruko informazio guztia eskaintzeaz gain, musika, dantza eta poesia ere izango dira ekitaldian. "Zure parte hartzea beti izan da garrantzitsua, orain ezinbestekoa da", azaldu du dinamikak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!