Tolosaldea Bus Greba

Amaroztarrek babesa azaldu diete Tolosaldea Buseko langileei

Tolosaldeko Ataria 2018ko mar. 12a, 10:30
Amarotzen egindako batzarra.

Tolosaldea Buseko langileek greba mugagabea hasi dute gaur, orain arteko greba indartuz. Langileek azaldu dutenez, ez dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Tolosako Udalaren babesik jaso, eta euren lan baldintzak hobetzeko borrokan jarraitu beharraz hitz egin dute. Erakundeen babesa jaso ez badute ere, herritarrena jasotzen ari direla esan dute, eta Amarotz auzotik jasotakoa nabarmendu dute.

Amaroz Auzo Elkarteak deituta, batzarra egin zuten auzoan pasa den astean. Auzo elkarteak enpresako zuzendaritza, langileak eta Tolosako Udaleko alkate zein zinegotziak gonbidatu zituen. "Helburua zen auzotarrek ahalik eta informaziorik zehatzena edukitzea", esan dute. Azkenean langileak eta EH Bilduko ordezkari bat bakarrik izan ziren batzarrean. "Barkamena eskatzen diogu PSEko ordezkariari, gonbidapena ez geniolako behar bezala eta garaiz helarazi", argitu dute.

Batzarra jendetsua izan zen, auzotar asko gerturatu baitzen eta langileek euren egoeraren berri eman zieten bertaratutakoei. Batzarraren ondotik, Amarozko Tolosaldea Buseko erabiltzaileek martxoaren 16an, 12:00etan, Tolosako udaletxean elkarretaratze bat egitea adostu dute.

Era berean, elkartasuna azaldu diete langileei eta zuzendaritzari "zentzuzko jarrera" hartzeko eta langileekin egiten eta negoziatzen hasteko eskatu diote. Baita kaleratutako langilea berriz ere hartzeko ere.

Olatz Peon Tolosako alkateari ere egin diote eskakizunik: "Berehalako bilera bat eskatzen diogu, batetik, gure kezka adierazteko eta, bestetik, enpresaren eta Foru Aldundiaren aurrean jarrera aktiboa eskatzeko. Tolosako Hiribus zerbitzuaren aurrean duen erantzukizuna bere gain hartzeko ere eskatzen diogu, eta beharrezkoa izanez gero, gure laguntza eskaintzen diogu".

Bukatzeko, sinadurak biltzen hasiko direla ere esan dute "bidaiarien garraio zerbitzu publikoa lehengoratzea" eskatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!