Osasun publikoaren afera

Asuncion klinikako langileak gustura, Legebiltzarreko agerraldiarekin

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko ots. 22a, 11:49
Asuncion klinikako langileak legebiltzarreko bilera gela batena, agerraldia jarraitzen.

Asuncion klinikako 14 langile Eusko Legebiltzarrean izan ziren atzo, EH Bilduk gonbidatuta. Horietako bik langileek bizi duten egoeraz hitz egin zuten alderdien aurrean, eta gainontzekoek bilera gela batetik jarraitu zuten agerraldia. Balorazio positiboa egiten dute, "oso garrantzitsua izan da guretzat. Bizi dugun egoeraren berri eman ahal izatea oso positiboa izan da", esan dute.

EH Bilduk gonbidatuta joan ziren Asuncion klinikako langileak, atzo, Eusko Legebiltzarrera. Borrokaldi bete-betean daude, astelehen, astearte eta ostiraletan ordu bateko lanuzteak egiten dituzte, eta hilaren 28an egun osoko paroa egingo dute eta baita manifestazio bat ere. "Agerraldia oso ondo joan zen, bi orduz egon ginen han eta gure egoeraren berri emateko aukera izan genuen", esan du Arantxa Errondosoro langileak.

Osasun batzordeko bilkuran hartu zuten parte eta lehenik eta behin Asuncion klinikako sorreraren inguruko azalpenak eman zituzten. "Istorio hau ez da berria, Montoyak –Asuncion klinika kudeatzen duen Inviza enpresako buruak– Asuncion hartu zuenean, zorra zuen ospitaleak, eta oraindik ez du ordaindu, hainbat trikimailu erabilita", esan du Errondosorok. "Atzera egin genuen eta ospitalearen ibilbidearen berri eman genien", gaineratu du.

Azalpenak emanda, euren lan baldintzen inguruko azalpenak ere eman zituzten langileek. Izan ere, 31 herritako 65.000 pertsona artatu behar dituzte ospitalean eta bizi dituzten lan baldintza prekarioak direla eta, bertako langile askok alde egiten dutela esan zuten, "zerbitzua prekarizatuz". "Alderdi politiko bakoitzak galderak egin zizkieten langileei eta EH Bilduk eta Podemosek babes osoa azaldu ziguten. PSOE eta PPren jarrera ere nahiko ona izan zen, EAJ izan zen kontra egin zuen alderdi bakarra", esan du langileak. Alderdiek egindako galdera sorta luzeari erantzunez Asuncioneko langileek azaldu zuten eskualdeko ospitale bat bezala egiten dutela lan, nahiz eta euren lan baldintzak ez izan mota horretako ospitale bati dagozkionak. Era berean, Asuncion klinikak zerbitzua emateko jasotzen dituen 21 milioi euroak ospitalean inbertitu behar direla aldarrikatu zuten. "Kalitatezko zerbitzua eman ahal izateko gure baldintzak hobetu behar direla esan genuen eta alderdietako batzuk babestu ziguten".

PSOE eta PPk langile kopuruari begirako galdera ere bota zuten. Langileek alde egiten dutela esan arren, klinikako plantillan langile asko ageri direla esan zieten, eta hori nola den posible galdetu. "Plantillan azaltzen den langile kopurua ez da erreala. Langile gehienak emakumezkoak gara eta haurdunaldiak direla eta bestelako zaintza lan batzuk direla eta asko bajan daude edo eszedentzian eta horiek ordezkatzen dituzten langileak ere azaltzen dira plantillan, baina lanean egunero-egunero dauden langileak ez dira horiek, askoz gutxiago dira, langile asko bikoiztuta daude", azaldu du Errondosorok. Luze jo zuen galdera eta erantzunen txanda eta euren egoeraren inguruan azalpenak emateko baliatu zuten agerraldia, Asuncioneko langileek.

Ez da azken egunetan izan duten bilera bakarra. Hilaren 16an Jon Darpon Osasun saileko sailburuarekin ziren biltzekoak. "Azkenean Osasun saileko sailburuordea joan zen bilerara, Jon Etxeberria, eta Asuncion klinikari jarraipena egiten diotela esan zigun eta Montoyarekin biltzen direnean arazoa konpontzeko esaten diotela. Arazo bat dagoela eta jarraipena egiten diotela esan zuen, baina egiten zaizkion auditoria eta ikerketak ondo pasatzen dituela esan zigun. Guk noski, auditoria edo ikerketa horiek nola egiten diren aztertu beharko litzatekeela esan genion", azaldu du.

Orokorrean hortaz, bilera "ondo" joan zela diote langileek, baina borrokan jarraitu behar dutela esan dute. Hori dela eta, astelehen, astearte eta ostiraletan egiten dituzten ordu bateko paroekin jarraituko dute, eta hilaren 28ko egun osoko lanuztearekin eta manifestazioa lotzen daude orain. "Martxoko borroka egutegia prestatzen ari gara", gaineratu du.

Asuncion saritu dute

Bestalde, Asuncion klinika saritu du Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailak. EAEko 6 erakunde sanitario integratu onenen artean kokatu du Jaurlaritzak, Asuncion klinika. ESI onenen zerrenda egiteko 9 ezaugarri hartzen dituzte kontuan, kalitatea, eraginkortasuna eta seguritatea, besteak beste. Asuncion klinikako zuzendaritzak ospitaleko langileak zoriondu nahi izan ditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!