Tolosaldea Bus Greba

Tolosaldea Buseko langileek "prekarietatea finantzatzea" leporatu diete Tolosako Udalari eta GFAri

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko ots. 20a, 16:21

Urtarrilaren 27az geroztik greban dira, eta halaxe jarraitzeko asmoa azaldu dute, enpresa hitzarmena eskuratu bitarte; Olatz Peoni eta Marisol Garmendiari "erantzukizuna" eskatu diete.

Enpresa hitzarmena lortu nahi eta ezin. Tolosaldea Bus enpresako langileak halaxe dabiltza joan den urte amaieraz geroztik eta, elkarretaratze xumeekin hasi zenak, hilabete pasatxoko grebaren forma hartu du. "Oso egoera prekarioan" lan egiten dutela ohartarazi dute langileek, Tolosako ELAren egoitzan egindako agerraldian, gaineratuz, beren eta erabiltzaileen "bizitza arriskuan" jartzen dutela egunero. Horrez gain, Olatz Peon Tolosako alkateari eta Marisol Garmendia Gipuzkoako Mugikortasun eta Lurralde Antolakuntza diputatuari kontuak eskatu dizkiete, Tolosako ELAren egoitzan egindako agerraldian.

Tolosaldea Buseko langileek joan den urtarrilaren 27an ekin zioten grebari eta, gaur egun, enpresako 26 langiletatik 18 daude greban. Langileen jarduna hiru motatakoa izaten da: eskatutako autobus zerbitzuak eskaintzen dituzte, batetik, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpeko linea-zerbitzua nahiz Tolosako Udalaren menpeko Hiribusa dituzte, bestetik. Egiteko horietara iristeko, enpresako langileek azaldu dute urtean 1.800 orduz lan egiten dutela, batez beste, eta 1.300 euroko soldata jasotzen dutela trukean: "Urteko egun guztietan lan egiten dugu, igandetan, jai egunetan eta gauez ere bai".

Tolosako Hiribusaren edo autobus urbanoaren kasuan, gainera, agerraldian irmo salatu dute, Hiribuseko bi langileek, astero-astero, 4 ordu gehiago sartu behar izaten dituztela: "Udalaren esleipenaren arabera, zerbitzu hori lanaldi osoko bi gidarik eta lanaldi erdiko gidari batek eskaini beharko lukete, baina bi bakarrik aritzen dira, astean 44 ordu eginez. Non dago hirugarren langilea?".

Gogora ekarri nahi izan dute, gainera, astean gutxieneko atsedenak hartzeko eskubidea baduten arren, "askotan hori ere ezin izaten" dela hartu. Beren "egoera prekarioari" arriskuaren faktorea ere gehitu nahi izan diote, azalduz, "13 metro luzeko autobusekin mendiko errepideetan barrena" ibiltzen direla sarri.

Azkenik, ibilgailuak gidatzeaz haragoko egitekoak ere hizpide izan dituzte: "Aldundiaren esleipenetan diru-poltsa bat dago autobus garbitzaileak kontratatzeko, baina guk gure autobusak garbitu behar izaten ditugu, doan, noski. Non geratzen da diru hori?", salatu dute.

Ordezkari politikoei erantzukizuna

Tolosaldea Buseko langileen greba urte berriarekin batera sortu bazen ere, Tolosako inauterien bueltan utzi du arrastorik nabarmenena. Festen atariko osoko bilkuran hitza hartu zuten langileek, eta Olatz Peon Tolosako alkateak bilera bat eskainiko ziela agindu zien bertan.

Inauteriei begirako zerbitzuen eztabaidan, ordea, grebalariak eta alkatea ez ziren adostasun batera iritsi: "Olatz Peon alkateak enpresari negoziatzen hasteko eskatu beharrean, gaueko gutxieneko zerbitzuak eskatu zizkigun, Tolosaldea Buseko langileon greba eskubidea errespetatu gabe. Zorionez, Eusko Jaurlaritzak ez du gutxieneko zerbitzurik ezarri", diote.

Eta, hain zuzen, erabaki horretatik sortu da bigarren desadostasun bidea ere, Marisol Garmendia diputatuak berriki azaldu baitu, jaurlaritzaren inauterietako erabakia ez zela egokiena izan. Bide horretan, Tolosaldea Buseko langileek hitz zuzenak eskaini nahi izan dizkiote Garmendiari: "Tolosaldea Bus enpresak foru aldundiaren esleipenaren araberako zerbitzua eskaini behar du. Marisol Garmendiari eskatu nahi diogu, egin dezala bitartekari lana enpresaren aurrean, hori baita konponbiderako pausoa, eta ez gutxieneko zerbitzuak eskatzea". Halaber, eskaintzen ez diren zerbitzuak ez ordaintzeko eskaera ere egin dute.

Langileek mahai gainean jarri nahi izan dute, aldundiaren zerbitzuan aritzen diren enpresa kidetuen errealitatea ere, nabarmenduz, Autocares Aizpurua, Autobuses Garayar eta Ekialde Bus enpresetan hitzarmenak dituztela eta, lan-baldintzez harago, "soldataren aldea urtean ia 7.000 eurokoa" dela.

Agerraldiko langileen iritziz, "Olatz Peonek eta Marisol Garmendiak ere badute beren erantzukizuna, zerbitzua publikoa delako, eta tolosarren eta gipuzkoarren diruaz ordaintzen delako". Modu horretan, Tolosaldeko 28 udaletako ordezkariekin bilera bana egin eta gero, "oraindik aldundiaren erantzunaren zain" daudela salatu dute, aurreratuz, hurrengo pausoa Gipuzkoako Batzar Nagusietara jotzea izango dela: "Behar dugun guztia mugituko dugu enpresa hitzarmena lortzeko".

Lekuz kanpo ere martxan

"Diruaz haragoko kontrolik eza" ere azpimarratu dute Tolosaldea Buseko grebalariek, izan ere, azaldu dute, foru aldundiko emakidan atxiki gabeko autobusak ere erabili behar izaten dituztela; zehazki izendatu dituzte ibilgailuak: "0715-GWY autobusa linea zerbitzuak egiteko bakarrik dago, berez, baina linea zerbitzua goizez amaitzen duenean, askotariko zerbitzuak eskaintzen ditu, eskoletara edo eskatzen duten tokira. 3033-HMF autobusaren kasuan, berriz, alderantzizkoa gertatzen da, eta eskola garraioetarako eta eskatutako zerbitzuetarako ibilgailua izan arren, autobus hori T021 Hernialde-Tolosa lineako zerbitzuak egiteko erabiltzen da, urteko egun guztietan. Azkenik, 8267-CNL ibilgailuak arazoak sortzen ditu, autobusa erabili ahal izateko, aurrez jakin behar izaten baitugu, gurpildun aulkian dabilen inor ez dela sartuko".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!