Abaltzisketako hainbat eragilek Arantxa Ariztimuñori babesa adierazi diote

Tolosaldeko Ataria 2018ko ots. 7a, 11:16

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako zuzendariari aitortza egin diote Abaltzisketako Udalak, Abaltzisketako Ganaduzale Elkarteak eta Larrunarri Ehiza Elkarteak adierazpen bateratuan, "legealdi honetan mendiaren jabetzarekin eta sektoreko eragileekin egiten ari den lanarengatik".

Ahal Dugu alderdiak Gipuzkoako Batzar Nagusietan Ariztimuñoren dimisioa eskatu du, eta horren harira osatu eta aho batez onartu dute idatzia aipatutako eragileek. Bide batez, Monica Mora Ahal Duguko bozeramaileari eskatu diote "Batzar Nagusietako epeletik emandako prentsaurrekoak" uzteko eta "etortzeko arazoa dagoen lekura, lokatzera". Adierazpena egin dutenek Morari azaldu diote ez dela nahikoa "lehen sektoreari babes irmo eta erabatekoa" esatea, "orain arte ez duelako inongo harremanik izan hemengo eragileekin".

Ariztimuñori babesa ematerakoan, eragileek azaldu dute "adibide garbiena" Goroskintxuko bidea dela, "bukatu eta urtebetera egoera bikain batean dagoelako, kontserbazioaren izenean hondamendia ikusten zutenen iritziaren kontra". Aurrerantzean ere Ariztimuñori "babes osoa" eskaintzen diotela gaineratu dute eragileek.

Bestalde, Aralar Parke Naturalak "porrot" egin duela diote, "bere lege debekatzaileen interpretazio zorrotzari esker". "Gestio eza" ekarri duela diote, eta "gestio ezak utzikeria eta utzikeriak desoreka". Horren adibide "nabarmenena" baso eta larreetan "otea, garoa, larra edo elorria ugaritu dela" diote, "eta baita ere akaina, basurdea, orkatzak eta saia bezalakoak, kontrolez kanpo daudenak". Paisaian ere "galera nabarmena" izan dela diote eta gaineratu: "Beste behin agerian geratu da mendiak bertatik kudeatu behar direla, ez hirietatik".

Abaltzisketako eragileak Enirio-Aralar Mankomunitateko beste udalerri eta eragileei (nekazal sindikatu, elkarte, mendizale, abeltzain, ehiztari...) zuzendu zaie eta eskatu "Aralarko kudeaketan arduraz jokatzeko eta erabakietan parte hartzeko, aurreko belaunaldiek egin zuten bezala". Idatzian zehaztu dutenez, "mendi honek etorkizuna izango badu, bertako eragileen eskuetatik etorriko delako".

Naturkonek dimisioa eskatu du

Gipuzkoako 16 erakunde naturalista eta kontserbazionistak sortutako Naturkon kolektiboak prentsa ohar bidez adierazi du bat egiten duela Arantxa Ariztimuñoren dimisio eskaerarekin, "Natura 2000 sareko babestutako eremuetako legedia ez betetzeagatik". Naturkonetik azaldu dute EAJ "gezurretan" ari dela, eta Ariztimuñok Gipuzkoako natur taldeen ordezkariekin 2015ean izandako bilera baten berri eman dute: "Hitzez hitz esan zuen: 'Argi daukagu (Kontserbazio Bereziko Eremuen) kontserbazio-neurriak ez direla bideragarriak eta kudeaketa plan horietan jasotakoa ez dugula beteko'".

Naturkonetik azaldu dutenez, "Gipuzkoan ez da ezer egin Europa mailako intereseko habitaten eta arriskuan dauden espezieen egoera zaintzeko eta hobetzeko". Batetik, babestutako eremuetako kudeaketa-planak ez direla garatu diote, "ezta eremu bakar batekoa ere", eta, bestetik, "arriskuan dauden animalia eta landareen egoera hobetzeko ez planik, ez ikerketarik ez du abiarazi".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!